Pandemia dela eta amets gaizto gehiago al ditugu?

Pandemia dela eta amets gaizto gehiago al ditugu? Finlandiarrek baietz diote, edo hori dio behintzat bertan burutu den ikerketa batek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pandemiagatik-amets-gaizto-gehiago-al-ditugu/@@download/image/Captura de pantalla 2020-12-04 a las 7.48.30.png
2020/12/04

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Finlandiarrek baietz diote, edo hori dio behintzat bertan burutu den ikerketa batek.
Pandemia dela eta amets gaizto gehiago al ditugu?

Horretarako 4.275 pertsona elkarrizketatu zituen Anu-Katriina Pesonen buru duen ikerlari taldeak Finlandian konfinamenduaren seigarren astean. Oro har, elkarrizketatuen %54,2ak gehiago lo egin zuen, baina zenbait (%28,6) gehiagotan esnatzen ziren eta %26ak amets gaizto gehiago eduki zituen. Estres mailak ere %56 igo ziren eta hortik etor daitezke lo aldaketak. 

Helsinkiko unibertsitatean burututako ikerketa ez da bakarra izan pandemia ametsen inguruan. Italian 796 pertsona elkarrizketatu zituzten apirila eta maiatzean. Euren ametsak kontatzeko eskatu zitzaien eta hauek txosten batean bildu ziren. Bertan azaltzen da intentsuagoak zirela emozionalki ametsak eta ezkorrak nagusiki. Ametsen %20ak COVID-19arekin zerikusia zuten eta ametsak intentsitate gehiagoz bizitzen zituztenek lotura zuzena izan zuten gaixotasunarekin edo bere inguruan birusa dela eta heriotza bat bizi izan zuten. 

Britainiarrek ere pandemiari buruzko ametsak izan zituzten. Maiatzean Londresen burutu zen ikerketa baten arabera, konfinamenduaren inguruko kezkak eta birusak amets patroiak eraldatu zituen biztanleengan. Galdeketa pasa zitzaienen %63ak baieztatzen du bere ametsak okerragoak izan zirela konfinamenduan. 

Hala ere, ikerketa honek erakutsi zuen, parte-hartzaileen laurdenak aipatu zuela gehiago lo egiten zutela eta hori dela eta hobeto sentitzen zirela. Honek erakusten du gizarte bezala ez dugula behar adina lo egiteko aukerarik. Orain, pandemia dela eta asko lo egitearen onurak berriz ere aurkitzen ari dira. 

Baina oro har, ikusi da zorigaiztoko egoerak ametsetan islatzen direla zuzenean. Amets ohikoenen artean azaldu ziren leku batetik ezin ateratzearen sentsazioa, ihes egitearekin amestea edo maite ditugun pertsonekin ezin elkartu ahal izatea bezalakoak. Honek guztiak gauza bat uzten du argi: pandemia garai honek pertsonen osasun mentalean eragina duela. 

Pandemiari buruzko ametsen bilduma
Nola azaldu belaunaldi berriei pandemia honetan bizi izan duguna? Ametsen bidez. Hori dela eta, Londreseko museoa euren amets gaizto eta ametsak kontatuko dituen boluntarioen bila ari da.