PAM: Rock garbigailu hiltzailea

PAM: Rock garbigailu hiltzailea https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pam-rock-garbigailu-hiltzailea/@@download/image/39p12-1_1368478609.jpg
2004/03/05
erreportajea
Asier Mendizabal
PAM taldearen bigarren diskoa kalean da: "The killin' washin' machine" —Garbigailu hiltzailea—. Rock & roll doinuak Ermutik.

PAM izenak esanahi asko ditu: putoamoak matematiketan, poteoa eta afari-merienda… 1998an jaio zen taldea, Ermuan. Lau lagunek osatzen dute PAM: Juanmik, Ikerrek, Markosek eta Carlosek. Beste taldeetan ibilitako musikariak dira: Hugh!!!, Julio Kageta, Sastada, The Pepes, Dantzut eta Saizulo taldeetan, besteak beste. Duela pare bat urte atera zuten lehenengo diskoa, eta bigarrenarekin datozkigu oraingoan. Zortzi abesti bildu dituzte bertan, tartean Queens of stone age taldearen bertsio bat eta Dantzut-en moldaketa bat. Euskaraz abesten dute, eta rock & roll-a da euren bandera.

Autoekoizpena
Bai lehengo lana, eta baita oraingoa ere eurek ekoitzi dituzte. "Ez dugu itxaropenik inora heltzeko. Urte asko daramatzagu honetan, eta badakigu musikaz ezingo dugula bizi. Hori ezinezkoa da", adierazi digu Juanmik.
Gauzak horrela, kontzertuak eta taldearen jarduera bera, euren erritmora egokitu dute, ez baitute inora iristeko presarik.

Carlos taldekidea soinu teknikaria da, eta berarekin grabatu dute "The killin' washin' machine". "Ederki moldatu gara diskoa grabatzeko. Lasaitasun osoz aritu gara", esan digu Juanmik. Bestalde, ez diete muzin egin egungo bitarteko teknikoei: "Gaur egungo bitartekoekin primerako emaitzak lor daitezke. Gure kasuan, asmatu egin dugula uste dugu".

Argi dago badakitela zertan dabiltzan. Ez dira bidean galduko diren horietakoak. Bigarren diskoa kaleratu berri duten honetan, hurrengoan pentsatzen hasiak dira jada. Guk, "The killin' washin' machine" diskoaz gozatuko dugu, eta gero gerokoak.