Palestinaren aldeko martxa egingo dute Tuteratik Hendaiara

Herri ekimenetik sortutako ibilaldia izango da Ebro ibaitik Kantauri itsasoraino, hamaika egunetan, egingo dutena. "Ibaitik itsasora" leloa izango du martxak eta "Euskal Herria Palestinarekin lotzea" izango da asmoa. "Ebro ibaitik, Tuteratik, Hendaiako itsasoraino joango gara. Palestinak helburu legitimoa du: askatasuna, berdintasuna eta justizia izatea bere lurralde historikoan, Jordain ibaitik itsasoraino. Euskal Herriak asmo horri ematen dion babesa irudikatu nahi dugu", azaldu dute antolatzaileek.
Hamaika etapaz osatutako ibilaldia izango da, eta irailaren 10etik 20ra bitarte iraungo du. Ekimenak bi helburu izango ditu. Alde batetik, "Euskal Herriko herri eta hirietan kausa palestinarrari laguntzeko lanean ari den sare handia inplikatzea eta animatzea". Horrekin lotuta, geldialdi gune bakoitzean, tokiko komunitateak Palestinari elkartasuna adierazteko jarduera soziokulturalak antolatuko ditu, musikari, artista eta aktibistekin lankidetzan.
Beste aldetik, "okupazioarekin eta genozidio sionistarekin kolaboratzen duten Euskal Herriko enpresa eta erakundeen operazio-guneak ikusaraztea eta salatzea" izango da helburua. Hauek izango dira nabarmenduko dituzten egoerak: Bardean Israelgo Armadarekin elkarlanean ari diren NATOren aireko indarrek egiten dituzten bonbardaketak; Castejonen, Artikan eta Irunen CAF enpresak dituen lantegietan, Jerusalem ekialdeko okupazioa areagotzen duen tranbian parte-hartzea; Elortzibarren, M. Torres enpresak Israelgo Armadari teknologia saltzea; Iruñean, Osasunbidearen egoitzan, ekonomia sionista laguntzen duen TEVA enpresa israeldarraren sendagaiak erostea; Iruñean, Zara multinazionalak lurralde palestinarraren legez kanpoko okupazioan inbertitzea; eta Hendaian, Carrefour multinazionalak legez kanpo okupaturiko palestinar lurraldeetan dituen negozioak eta Gazan genozidioa egiten duten soldaduei janaria oparitzea.
Etapaz etapa
Ibilaldiaren lehen etapa Tuteratik Castejonera egingo dute; bigarrena, Castejonetik Azkoienera; hirugarrena, Azkoiendik Tafallara; laugarrena, Tafallatik Soltxagara; bosgarrena, Elortzibarretik Antsoainera, Noain eta Iruñeatik igarota; seigarrena, Antsoainetik Larraintzarrera; zazpigarrena, Larraintzarretik Doneztebera; zortzigarrena, Doneztebetik Elizondora; bederatzigarrena, Elizondotik Berara; hamargarrena, Beratik Irunera; eta hamaikagarren eta azken etapa, irailaren 20an, Irundik Hendaiara. Itsasora iristeko manifestazioa egingo dute bertan.
Oinez etaparen bat egiteaz gain, herritarrek ekitaldietan parte hartu eta salgai dituzten oroitzapenezko peto berdeak erosi ahal izango dituzte.