Pablo Neruda: XX. mendeko poesiaren bilduma

Pablo Neruda: XX. mendeko poesiaren bilduma https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Pablo Neruda: XX. mendeko poesiaren bilduma
Neftalí Ricardo Reyes, ezizenez Pablo Neruda, 1904ean jaio zen Txileko Parral herrian. Aurtengo uztailaren 12an ehun urte beteko dira, hain zuzen, jaio zenetik . Neruda XX. mendearen sintesia dugu neurri handi batean. Bere poesiak joan den mendeak ezagutu zituen tendentzia eta korronteak zeharkatu zituen, hala artistikoak, nola ideologikoak. XX. mendea maleta batean sartu nahi izanez gero, nahikoa litzateke Nerudaren poesiaz betetzea.   
1924an argitaratu zuen "20 poemas de amor y una canción desesperada", modernismoaren oinordeko obrak arrakastaren ateak ireki zizkion poetari. Kontsul modura lan egiteak hainbat lekutara bidaiatzeko aukera eman zion. Ekialde urrunean ibili eta gero, Espainiara igorri zuten. Bertan ezagutu zituen 27ko belaunaldiko poetak; bereziki, Lorca eta Alberti. Gerra Zibilean ezagututako minaren fruitu, kutsu surrealistako "Residencia en la tierra"ko hiru poema-bildumak argitaratu zituen, 1933tik 1947ra bitartean.
Etsipen garai baten ostean, konpromiso politikoaren bideari ekin zion sutsuki poetak, alderdi komunistaren baitan. Hego Amerika barru-barrutik ezagutu zuen 40ko eta 50eko hamarkadetan. Senatari ere izan zen, baina Txiletik ihes egin behar izan zuen erbestera Gonzalez Videlaren garaipenaren ostean.
1950ean libururik esanguratsuenetakoa argitaratu zuen: "Canto General". Injustizien aurkako kanta, Amerikaren oihu poetikoa, ezkerraren ikono bihurtu zen berehala. Diotenez, Che Guevararen objektu pertsonalen artean liburu hau aurkitu zuten.
Sobiet Batasunetik estalinismoaren kontra zetozen salaketak zirela medio, eta bereziki Kruscheven informearen ostean, desenkantu apur bat ezagutu zuen Nerudak. Bere poesiaren tonua intimistago bilakatu zen, memoriaren itsasora bilduago, baina bidegabekerien salaketa inoiz alboratu gabe.   
1971an Nobel saria erdietsi zuen. Allenderen agintepean berriro berpiztu zen Nerudagan ezkerraren amets zaharra. Allenderen heriotzarekin, ordea, dena zapuztu zen. Ordurako, gaixorik zegoen poeta, Isla Negrako bere etxean. Polizia etxea miatzera sartu zen. Nerudak esan omen zion poliziari: "Bilatu nahi duzuna. Hemen gauza arriskutsu bakarra dago zuentzat: poesia".
Handik egun gutxira hil zen, 1973an.