Pablo Milicua artistaren ‘Milicua Museum’ erakusketa jarri dute Gasteizko Montehermoson
Milicua Museum 1960an Bilbon jaiotako Pablo Milicua artistaren atzera begirako erakusketa da. Milicua 1973an hasi zen margotzen, eta bere lehen iturriak Salvador Dalí, pop art eta komikiak izan ziren. 1986an Gasteizera joan zen eta bertan bizi izan zen 2003ra arte. 80ko hamarkadaren amaieran, bere lanak izaera objektiboa eta eskultorikoa hartu zuen, eta horrek mosaiko eta metaketa lanak ekarri zituen.
Elkarrekin loturiko hiru elementu ditu erakusketak. Lehenak, Milicua Museum izenekoak, autoerretratua planteatzen du, souvenir eta oroitzapenetatik abiatuta. Bigarrenak, Gatz Estatua deiturikoak, artistaren ibilbidea errepasatzen du, bereziki eskultura-objektu eta collage piktorikoekin. Hirugarrena, Barne Itsasoa izendatua, aurkitutako eta bildutako objektuen instalazioa da, lurralde edo paisaia autobiografikoa osatzen duena.

Museoak azaldu duenez, erakusetak "lurralde mental eta sortzaile baten ikuspegia planteatzen du. Lurralde hori mikrorrelato-sare batez osatuta dago, eta are handiagoa den buru-hausgarri baten pieza gisa jarduten dute. Museo iragankor bat osatzen dute, modu objektiboan mende erdiko bizitza izozten duena".

Erakusketa urriaren 1era arte egongo da zabalik Montehermosoko Ur Biltegian.
