Pabilioi 6 aretoak lehen urteurrena bete du

Pabilioi 6 aretoak lehen urteurrena bete du https://www.gaztezulo.eus/albisteak/pabilioi-6-aretoak-lehen-urteurrena-bete-du/@@download/image/20128164744pabellon_6_1.jpg
2012/12/13
berria
Pabilioi 6 aretoak lehen urteurrena bete du
Bilboko Pabilioi 6 aretoa antzoki bat baino gehiago da. Deustuko Erriberan kokaturik dagoen espazioa arte eszenikoak bultzatzeko asmoz sorturiko eremua da, edonork parte hartu baitezake bertan; dantza, antzerkia eta edozein eratako ikuskizunak jendaurrera eramatea da helburua. Abuztuan lehen urteurrena beteko du, eta ospakizunaren harira bi antzerki obra eskainiko dituzte irailaren hasierara arte.

Larunbat honetan, abuztuak 18, hasiko da Bilboko Aste Nagusia, eta jaien programazioaren baitan Pabilioi 6 aretoak ere bere ekarpena egingo du. Gaur bertan hasiko dira, hain zuzen, bertako Antzerki Laborategiak ekoitzitako lehen ikuskizuna eskaintzen: Tomas Afan dramaturgoaren Esencia Patria izenekoa obra, alegia.

Komedia retrofuturisata eta burugabea da, Ramon Bareak zuzendu eta Felipe Loza, Pako Revueltas, Itziar Lazkano, Mikel Losada, Gurutze Beitia, Enriqueta Vega eta Quique Gagok antzezturikoa. Irailaren 2ra bitarte taularatuko dute, iluntzeko 20:30etan hasita, eta sarrerek 15 euro balio dute.

Baina ez da bakarra izango, atzo bertan hasi baitziren El Cavaret Billano de la Ribera kabaretarekin. Abuztuaren 25a bitarte eskainiko dute 23:30etatik aurrera.

Bilboko garai bateko variettes antzerki moldea dakar gogora obrak, Carrasco Bilbao anaiek zuzenduriko kabaret xelebrean kokaturikoa. Vaudeville zoro, irrigarri eta satirikoa da, eta Eguzki Zubia, Ylenia Baglietto, Mitxel Santamaria, Jorge Santos eta beste hainbat artista gonbidatuk hartuko dute parte bertan. Sarrerak 10 eurotan eskuratu ahal izango dira.

Pabilioi 6


Deustuko Erriberan kokaturiko areto zaharra berritu, atondu eta ikuskizunak eskaintzeko prest jartzearekin batera sortu zen iaz Pabilioi 6 proiektua. Euskal artearen alor anitzeko hamahiru lagunek bultzatutako ekimena da, eta sortzaileen eta hartzaileen arteko harremana bultzatzea du helburu.
Horretarako, hiriko programazio eta espazio “ofizialetatik” haratago, edonork erabili dezakeen aretoa jarri dute herritarren eskura, antzerkia, dantza, arte erakusketak eta beste hainbat adierazpen libreki azaldu ahal izateko.
Bertan parte hartzeko hainbat modu dituzu, bazkide aktibo, kolaboratzaile, noizbehinkako edota mezenas ala sponsor moduan. Zure ekarpenarekin proiektuak aurrera egiten jarraituko du.