Oztopoen gainetik Korrika

Oztopoen gainetik Korrika https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oztopoen-gainetik-korrika/@@download/image/29p22-1.jpg
2003/04/04
erreportajea
Oztopoen gainetik Korrika
Apirilaren 4an Korrika 13 abiatuko da Mauletik eta 13an amaituko da Iruñean. AEKk antolatutako ekimenak euskara aldarrikatuko du lau haizeetara. Dena dela, Korrikak oztopoak ere izango ditu aurten: Iruñeko Udalak amaiera jaia Alde Zaharrean egitea debekatu du.

Euskal Herri osoan euskararen alde egiten den lasterketa erraldoia hastear da. Korrikalariak prest daude, "Herri bat geroa lantzen" leloa aldarrikatuz, ehundaka herri zeharkatzeko. Guztira, 2.150 kilometro izango dira. Helmuga Iruñeko Sarasate hiribidean jarriko dute. Eta jaian hainbat musikarik parte hartuko dute: Sorkun, Gatibu, Berri Txarrak, Trikizio... Galdera ikur bakarra dago: non egingo da amaiera jaia?

Iruñeko Udalak, jaia Alde Zaharrean egin beharrean,  Nafarroako Unibertsitate Publikoko campus ingurura eraman nahi du.

"Guk Alde Zaharrean egin nahi dugu, baina Udalak ez du oraindik gaiaren inguruko erabakirik hartu. Mozioa aurkeztu dugu, eta gaia hilaren 3an eztabaidatuko da osoko bilkuran", esan digu Asier Biurrun Nafarroako AEKko arduradunak. Dena den, jaia ziurtatuta dago. Izan ere, antolatzaileek ordezko lekuak pentsatu dituzte.

Ziberlekukoak urrutira

Baina, oztopoen gainetik, laguntza ugari ere jaso du Korrikak. Euskal Herriko elkarte eta herritar askok kilometroak erosi dituzte dagoeneko. Gainera, ziberkorrikari esker, ekimenak oihartzuna izan du Euskal Herritik kanpora ere. Esaterako, Montrealeko euskara irakasleek, Mallorcako Euskal Etxeak, Suitzako Zug herriko Gogliatti Garate familiak eta Mexiko DFko Ramon Mintegik erosi dituzte kilometroak. Baina, hain urrutira joan gabe, zuk erosi al duzu zurea? Poltsikoak urratuta badituzu eta dirurik emateko aukera ez baduzu, gutxienez zapatilak urratzeko garaia iritsi zaizu. Abiatu korrika euskararen alde!

Ibilbidea



Apirilak 4 Maule-Donapaleu
Apirilak 5 Donibane Garazi-Donostia
Apirilak 6 Astigarraga-Legorreta
Apirilak 7 Ikaztegieta-Ermua
Apirilak 8 Markina-Sondika
Apirilak 9 Derio-Orduña
Apirilak 10 Barrerilla-Egileta
Apirilak 11 Birgala Goien-Caparroso
Apirilak 12 Erriberri-Zubiri
Apirilak 13 Irurita-Iruñea