Otsailaren 9an hasiko da Iruñeko Bertsoaroa

Otsailaren 9an hasiko da Iruñeko Bertsoaroa Sei saio izango dira guztira, eta zentzumenei lotutako bertso-afaria izango da aurtengo berrikuntza. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/otsailaren-9an-hasiko-da-iruneko-bertsoaroa/@@download/image/bertsoaroa albiste.png
2023/01/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Sei saio izango dira guztira, eta zentzumenei lotutako bertso-afaria izango da aurtengo berrikuntza.
Otsailaren 9an hasiko da Iruñeko Bertsoaroa

Bertsoaroaren hogeita hamabigarren edizioa, otsailaren 9tik martxoaren 2ra izango da martxan eta sei hitzordu izango dira guztira. Agin guztietarako jarduerak antolatu dituzte: ohiko jaialdiak, ikus-entzunezkoa, haurrentzako bertso-lantegia, gazteen bertso-saioa...

Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Julio Soto, Miren Artetxe eta Saioa Alkaizak estreinatuko dute Bertsoaroa, otsailaren 9an, 19:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan. Gainera, ordu erdi lehenago, 18:30ean, Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketako sariak banatuko dituzte. 

Astebete geroago, hilaren 15ean, gazteen jaialdia egingo dute, Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao eta Maddi Agirre bertsolariekin. Gazteluko plazako LABA gunean izango da, 19:00etatik aurrera.

Biharamunean, otsailaren 16an, Anonyme popular ikuskizuna izango da Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. Igor Elortza bertsolariaren proiektua da, bizitzea egokitu zaigun garaiari eta giroari buruzko hausnarketak aurkezten dituena. Igor Elortza bera, Rafa Rueda musikaria eta Dapa kolektiboaren proiekzioak izango dira agertokian. 

Haurrentzako Bertso jasa, bat-bateko jolasa bertso-lantegia ere izango da, otsailaren 18an, 11:00etan, Milagrosako Civivoxean.  Jolas eta jardueren bidez, 8 eta 12 urte bitarteko haurrek gaiak eta egoerak proposatuko dituzte, eta Ainara Ieregi eta Iker Gorosterrazu bertsolariek emanaldia osatuko dute. Aurrez eman behar da izena, otsailaren 16 arte, nafarroa@bertsozale.eus posta elektronikoan edo 948 143 747 telefono zenbakian.

Otsailaren 23an, berriz, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Maddi Ane Txoperena, Sarai Robles, Aitor Bizkarra eta Aitor Mendiluze arituko dira bertsotan, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. 

Azkenik, edizio honetako saio berezia izango da, zentzumenekin lotutako bertso-afaria. Alazne Untxalo, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina bertsolariek hartuko dute parte eta baita gertuko ekoizle ekologiko batzuek ere. Geltokin egingo da, martxoaren 2an, 20:00etan.