Otsailaren 25etik martxoaren 2ra, film labur esperimentalak ikusgai Donostian

Otsailaren 25etik martxoaren 2ra, film labur esperimentalak ikusgai Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/otsailaren-25etik-martxoaren-2ra-film-labur-esperimentalak-ikusgai-donostian/@@download/image/labo_clemont_fe_1361523304.jpg
2013/02/22
berria
Hilabete hasieran egin zuten Frantzia erdialdeko Clermont-Ferrand hirian izen bereko film laburren jaialdia. Bertako Labo atala, proposamen arriskutsu biltzen dituena, proiektatuko dute Donostian otsailaren 25etik martxoaren 2ra bitarte.


Tabalakalerak eta Donostia Kulturak elkarlanean, Clermont-Ferrand Zinemaldia antolatuko dute aurten seigarren aldiz. Beronen jatorria Frantziako Clermont-Ferrand Nazioarteko Film Laburren Jaialdia da, bertako Labo ataleko filmak proiektatzen baitituzte Donostiako jaialdi omonimoan.

Aurtengo edizioa otsailaren 25etik martxoaren 2ra egingo dute, eta 30 film labur eskainiko dituzte orotara Antzoki Zaharrean. Antolatzaileek askotariko proposamenak iragarri dituzte, ohiko film laburretatik haratago, lan arriskutsuak maite dituzten horientzako aproposak.

Kimuak eta tailerra
Baina aurten, gainera, pare bat berritasun ere izango ditu jaialdiak: batetik, Kimuak katalogoko lanak eskainiko dituzte programazioaren egunetako batean. Eta bestetik, Andres Duque zinemagileak tailerra eskainiko du otsailaren 25etik martxoaren 1era Larrotxeneko kultur etxean.

Zinema, sorkuntza eta ikus-entzunezko lan digitalen autoretza izango ditu hizpide bost eguneko ikastaroan, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00tara. Deialdia zinema digital eta autobiografikoan interesa duen orori luzatu die. Zinemagile bikain honen eskutik ikasteko aukera polita izango da, eta bertan izena ematen dutenek Antzoki Zaharreko proiekzioak doan ikusi ahal izango dituzte.