Otsailaren 23an, Asvineneako 4. Kabareta

Otsailaren 23an, Asvineneako 4. Kabareta https://www.gaztezulo.eus/albisteak/otsailaren-23an-asvineneako-4-kabareta/@@download/image/asvinenea_kabar_1360916318.png
2013/02/15
berria
Antzerkia, dantza, magia ikuskizuna eta aire akrobaziak bilduko dituen ikuskizuna prestatu dute otsailaren 23rako Asninenea arte eszenikoen sustatzaile den laborategian. Bost euroren truke eta iluntzeko 22:00etan hasita, ekitaldi paregabea eskainiko dute Adunan.


Asvinenea irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu, autogestionatu eta independentea da. Arte eszenikoekin lotura zuten hainbat lagun beren ezagutzak bateratu eta sorkuntzara bideratzeko asmoz bildu zirenean sortu zen, eta gaur egun lau atal nagusi ditu proiektuak: Asvinenea Eskola, besteren artean, kurtsoak, tailerrak eta hitzaldiak eskaintzen dituena; Asvinenea Espazioa, interesa duen edonork bere lanak praktikatzeko gunea; Asvinenea Sala, ikuskizunak eskaintzeko eremua; eta azkenik Asvinenea Gira-Bira, norberaren obrak atzerriratzeko eta hedatzeko plataforma.

Guzti honen baitan, Asvinenea Kabareta antolatzen dute urtero. Aurten laugarren edizioa egingo dute, eta lau ikuskizun mota bereiziko dituzte: antzerkia, dantza, magia eta aire akrobaziak.

Ikuskizuna

Iluntzeko 22:00etan hasiko da jaia Adunako (Gipuzkoa) Zubitxiki poligonoko 15. Zenbakian. Sarrerak bost euro balio ditu, eta ikusle guztiei zuzenduriko emanaldia izango da.

Hernanikoa taldearen antzerki emanaldiarekin hasiko da saioa, eta haien ostean Slowww hip-hop taldeak dantza erakustaldia egingo du. Musika, koloreak eta dibertsioa ez dira faltako. Ondoren, Txan Magoaren txanda izango da, eta ikuskizunari amaiera emateko, Expresamente konpainiako artistek aire akrobazia erakustaldia egingo dute.

Ikuskizunetik haratagoko festa izango da otsailaren 23koa, beraz, hurbildu kabaret zoragarriaz gozatzera!