Otsailaren 22an hasiko da Punto De Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia

Otsailaren 22an hasiko da Punto De Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/otsailaren-22an-hasiko-da-punto-de-vista-nafarroako-zinema-dokumentaleko-nazioarteko-jaialdia/@@download/image/20112168625punto_de_vista_2011.jpg
2012/12/13
berria
Otsailaren 22an hasiko da Punto De Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia
Zazpigarren ekitaldia izango da aurtengoa, Iruñean urtero legez, eta "Erdialdean" izeneko sailean "Lanbroa" proiektatuko dute, Euskal Herriko baserritarrei eginiko omenaldia.

Otsailaren 22tik 27ra bitarte, dokumentalgintzak hartuko du Nafarroako hiriburua Punto De Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren eskutik. Carlos III zinema aretoetan botako dituzte lan gehienak; 3, 4 eta 5 geletan.
Sail ofizialean hamar herrialdetako 12 film luze eta sei labur lehiatuko dira orotara. Tartean dira, gainera, zinema dokumentaleko bi zinemagilerik ospetsuenetakoak: Nicolas Philibert frantsesa eta Patricio Guzman txiletarra. Philibertek, zehazki, Nenette film luze berria aurkeztuko du jaialdiari hasiera emanen dion saioan, hilaren 22an. Biharamunean, berriz, hilaren 23an, Nostalgia de la luz filma emanen da, Guzmanen lan berria. Bi ikus-entzunezkoak 20:00etatik aurrera proiektatuko dira.
Ofizialaz gain, beste hainbat sailek ere osatuko dute programazioa, hala nola, feminismoa dokumentalgintzarekin lotuko duena eta kanibalismoari buruzko ziklo tematikoa.
Bestalde, Erdialdean izeneko sailean Lanbroa obra izango da ikusgai. Mikel Zatarainek zuzendua, landa guneetako bizimoduari eta biztanleei eginiko omenaldia da, “oinarri  politikoa daukan hausnarketa lirikoa”, Zatarainek azaldu duenez.
Sarrerak salgai dira dagoeneko. Saio bakoitzak hiru euro balio du, baina hamar saioko abonuak ere eskura daitezke 20 euroren truke. Zehazki, sarrerak erosteko lau sistema jarri dituzte eskura: ohiko leihatila, leihatila elektronikoa, Saide zinema enpresaren webaren bidezko salmenta eta, azkenik, salmenta elektronikoa.
Informazio zehatzagoa eta programazio osoa www.puntodevistafestival.com atarian.