Oteiza eta Txillidaren 50 eta 60ko hamarkadetako lanak biltzen dituen erakusketa jarri dute San Telmo Museoan

Oteiza eta Txillidaren 50 eta 60ko hamarkadetako lanak biltzen dituen erakusketa jarri dute San Telmo Museoan Lehenengo aldiz bi eskultoreen lanak jarri dituzte elkarrizketan. Urriaren 2ra arte bisitatu ahal izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oteiza-eta-chillidaren-50-eta-60ko-hamarkadetako-lanak-biltzen-dituen-erakusketa-jarri-dute-san-telmo-museoan/@@download/image/Xehetasuna-Detalle. Apostolario de Arantzazu. Pedro y Pablo. J. Oteiza-Fundación Museo Jorge Oteiza 2 .jpg
2022/04/12

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Lehenengo aldiz bi eskultoreen lanak jarri dituzte elkarrizketan. Urriaren 2ra arte bisitatu ahal izango da.
Oteiza eta Txillidaren 50 eta 60ko hamarkadetako lanak biltzen dituen erakusketa jarri dute San Telmo Museoan

Donostiako San Telmo Museoak Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida. Dialogoa, 50eko eta 60ko urteetan erakusketa ireki du eta lehenengo aldiz bi artisten lanak elkarrekin ikusi ahal izango dira. Erakusketak haien eskulturen arteko elkarrizketa pizten du, bi hamarkadatan egindako sorkuntza lanetan oinarrituta. Jorge Oteiza Fundazio Museoaren eta Chillida Lekuren obrak eta beste bilduma publiko eta pribatu batzuetatik datozenak bildu dituzte. 

Obrak ikuspegi kronologikoa kontuan hartuta hautatu dira. 1948an hasten da, euren bidaietatik abiatuta; Oteiza Latinoamerikan egonaldi luzea egin ondoren itzuli zenean eta Txillida Parisera joan zenean eskultore bihurtu nahian. Amaiera, berriz, 1969an du, Oteizak Arantzazuko Basilikako estatua-multzoa amaitu zuenean eta Txillidaren lehenengo obra publiko handia Europan instalatu zenean, Parisko UNESCOren eraikinaren aurrean. Antolatzaileen hitzetan, "etapa horretan, hasieran giza irudiaren gainean lan egiteko joera antzematen da biengan, baina azentu desberdinekin; Oteizarengan primitibista-espresionista eta Txillidarengan klasizista-arkaizantea. Bi kasuetan, ezaugarri antropomorfikoak ebidentzia arinetara murrizten dira, gorputzaren irudikapen naturalista desitxuratzen zuten garaiko beste artista batzuen ildo berean".

50eko hamarkadatik aurrera, berriz, Txillidak Julio Gonzalezek irudikatutako tradizioari begiratu zion, burdinazko forjaketa landuz, nekazaritzako lanabesak gogora ekartzen dituzten materialetatik abiatuta irudiz osatutako unibertso bat zabaltzeko. Oteizak Henry Mooreren espazioari, hutsari eta masari buruzko ikerketetan sakondu zuen, irudi-sorta sendo eta dramatiko bat osatzeko, non hustuketa espresiboa, ez ordea huts inertea, gero eta presentzia handiagoa hartzen joango zen. 

Jorge Oteizak eta Eduardo Txillidak nazioartean hartu zuten garrantzia agerian geratu zeneko tartea ere erakusten da, 50eko hamarkadan Europako eta Amerikako lehiaketa ospetsuenetan sari nagusienak lortu zituztenean. Oteizak Ohorezko Diploma lortu zuen Milango IX. Trienalean, 1951n, eta Txillidak hurrengo deialdian lortu zuen, 1954koan. Handik gutxira, 1957an, Oteizari Nazioarteko Eskultore Onenaren Saria eman zioten Sao Pauloko IV. Bienalean eta, hurrengo urtean, 1958an, Txillidak Eskultura Sari Nagusia lortu zuen Veneziako XXIX. Bienalean.

Erakusketa urriaren 2ra arte egongo da zabalik, asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara. Bisita gidatuak ere egingo dituzte; euskarazkoak, astearteetan 18:00etan eta larunbatetan 10:30ean. Bisitarako lekua aurrez erreserbatu behar da webgunearen bidez, apirilaren 16tik aurrera. Erakusketarekin lotutako jarduerak ere egingo dituzte, hala nola hitzaldiak, Chillida Lekura txangoa, mahai-inguruak, eta familia tailerrak.