Ostiraletik igandera, kulturaren olatua lurralde osora hedatuko da

Ostiraletik igandera, kulturaren olatua lurralde osora hedatuko da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ostiraletik-igandera-kulturaren-olatua-lurralde-osora-hedatuko-da/@@download/image/olatu_talka_201_1369123168.jpg
2013/05/21
berria
Donostia Europako Kultur Hiriburua izango da 2016an, eta proiektu honen filosofia eta izaerarekin bat egin nahiz kultur jarduerak herritar ororengana iritsarazteko asmoz, beste urte batez, Olatu Talka ekitaldia egingo dute asteburuan.


DSS2016EU proiektua gizabanakoen eta erakundeen arteko elkarlanari esker jarri da abian, eta batura horrek sortutako herritarren energia-olatua baliatu nahi du 2016 Bulegoak hiru urte barruko zita garrantzitsua prestatzen joateko.  Espazio publikoa eraldatu, kontsumo arduratsua bultzatu, gaitasun eta gaitasun gabeen arteko tabuak hautsi, gizarte bazterketaren aurka egin, euskal kulturari bizia aitortu eta gizarte injustiziak salatzea dira, besteren artean, Olatu Talka egitasmoak jendartean errotu nahi dituen balioak.

Azken batean, elkarbizitzarako kultura egitea du helburu 2016 proiektuak, eta horri dimentsioa eman eta zabaldu egin nahi du urtero antolatutako Olatu Talka jarduera multzoari esker. 2010ean sortu zen, hain zuzen, Olatu Talka, herritarrak kalera irten eta ohikoak ez diren espazioak ohikoak ez diren pertsonekin konpartitu ditzaten.

Iaz urrats garrantzitsua egin eta hiriburutik haratago, Gipuzkoa osora eta beste lurraldeetara zabaldu zuten maiatzeko asteburuko egitaraua, eta aurtengoan, ildo berari jarraiki, programazio kultural oparoa prestatu dute ostiraletik, maiatzak 24, igandera bitarte.

Denetarik
Kontzertuak, arte erakusketak, pintxo jana, haurrentzako jolasak, bizikleta ibilaldia, sukaldaritza tailerrak, errezitaldiak, antzerki emanaldiak, batukada saioak, bisita gidatuak, elkarte ezberdinen aldeko ekitaldiak, graffiti tailerrak, bertso saioak, hitzaldiak, dantza erakustaldiak, opera, birziklapen tailerrak… Ez da ezertxo ere faltako hiru eguneko tartean!

Donostiako auzo bakoitzean hainbat jarduera antolatuko dituzte, eta Lesakak, Andoainek, Usurbilek, Lasartek, Zumaiak, Zarautzek eta beste hainbat herrik ere bat egingo dute ekimenarekin.

Musika izango da, besteak beste, protagonista nagusietako bat TalkaLive kontzertu sortari esker, hau da, hiriko gune ezberdinetan aldi berean eskainiko dituzten musika emanaldiei esker. Eta Zarautzen, halaber, Udaberri Fest musika jaialdia egingo dute ostiraletik igandera.

Bestetik, Argazkigintza Rallya prestatu dute antolatzaileek, eta jaialdi bitartean ateratako argazkiak argazkiak@olatutalka.eu helbidera bidalita, Olatu Talkaren webgunean argitaratuko dituzte unean bertan. Eman begiratu bat programazioari, eta gozatu Olatu Talkarekin!