Ostiralean izango da Bagera elkartearen bideo lehiaketako irabazleen sari banaketa
Donostiako 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako bideo tutorial lehiaketa jarri zuen martxan Bagera Elkarteak abendu hasieran. Parte hartzaileek beraien jakintza modu didaktikoan azaldu behar izan dute bideo tutorialak sortuz, banaka zein taldeka. 54 bideo aurkeztu dituzte lehiaketara, eta elkarteak finalisten berri jakinarazi du. Ikusleek gogokoen duten bideo tutoriala bozkatzeko aukera izan dute Publikoaren sarirako, eta Bagera Elkarteak jakinarazi duenez, 246 boto jaso dituzte guztira.
Honako hauek dira finalistak:
- Epaimahaikideen saria:
- Torrijen errezeta. Sara Bastida eta Auria Zugasti. Ikastetxea: Zurriola.
- Minecraften burdin makina nola egin. Unai Llorens Merino. Ikastetxea: San Luis Lasalle.
- Non flotatzen dugu gehiago, itsasoan edo igerilekuan?. Carla Urbistondo. Ikastetxea: Mary Ward.
- Publikoaren saria:
- Dark play aplikazioa nola erabili. Jeffry Joel Salgado Sanchez. Ikastetxea: Peñaflorida.
- Non flotatzen dugu gehiago, itsasoan edo igerilekuan?. Carla Urbistondo. Ikastetxea: Mary Ward.
- Nola egin hizkuntzen kaxa bat. Inge Ugarte, June Muñoze, Iraia Munarrize eta Lide Lobo. Ikastetxea: Peñaflorida.
Lander Arretxea Bereziartua (Hiru damatxo), Aiora Mujika San Sebastian (Probatxo) eta Ander Edo Martinek osatu dute epaimahai ofiziala. Lehenengo saridunari 400 euro emango dizkiote, eta publikoak boto bidez aukeratutako lan onenari, aldiz, 300 euro, informatika-dendan erabiltzeko.
Ostiralean, hilak 14, 18:00etan, Larrotxene Kultur Etxean egingo duten galan izendatuko dute epaimahaikideen saria eta publikoarena. Bertan izateko aldez aurretik eman behar da izena bagera@bagera.eus helbidera idatziz edo formularioa betez. 34 pertsonentzako tokia egongo da soilik aretoan, eta COVID ziurtagiria eta NANa erakutsi beharko da sarreran.


