Ostiralean hasiko da Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren 42. edizioa ostiralean hasiko da eta hamazazpi gaztek hartuko dute parte bat-bateko atalean. Hiru kanporaketa eta finala izango ditu txapelketak.
Lehen kanporaketa ostiralean, hilak 18, izango da Oñatiko Larrain Gain Elkartean eta honako bertsolari hauek kantatuko dute: Jon Mendiluze, Aratz Arzelus, Lide Arregi, Jakes Etxeberria eta Uxue Ostolaza.
Hurrengo hitzordua apirilaren 1ean izango da, Azpeitiko Zelai Luze Elkartean, eta Ane Zubia, Naia Arrizabalaga, Beñat Mateos, Xabier Albizu, Aratz Lasa eta Harri Agirresarobe arituko dira bertsotan.
Azken kanporaketa, berriz, apirilaren 8an egingo dute Lizartzako Txirrita Elkartean. Amets Aizpurua, June Aiestaran, Danel Etxeberria, Malen Gartzia, Izar Zelarain eta Sustrai Goenagak parte hartuko dute saio horretan.
Kanporaketa bakoitzeko irabazlea eta puntuazioz beste hiru sailkatuko dira finalera. Finala apirilaren 29an jokatuko da Lasturren.
Kanporaketa guztiak bertso-afari formatuan izango dira eta saioetarako sarrerak 12 euroren truke eskura daitezke.

