Ostiralean hasiko da Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldia
Benito Zambranok zuzendutako El Salto filmak emango dio hasiera ostiralean, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldiari. Gainera, inauguruzio saioan, Fernando Leon de Aranoak bere ibilbideari aitortza egiten dioen saria jasoko du. Zinemaldia Andrea Jaurrietaren Nina filmak itxiko du apirilaren 19an, Victoria Eugenian, eta film luze eta laburren sariak banatuko diren galan.
Aurten 35 nazionalitateko 45 film programatu dira guztira, 26 film luze eta 19 film labur, eta izen handiak daude tartean, besteak beste Agnieszka Holland eta Nuri Bilge Ceylan zinemagileenak. Bestetik, Amaia Merino eta Ander Iriarteren Indarkeriaren oi(h)artzunak eta Aitor Gonzalez de Langaricaren Muerte en Amara ekoizpenak ere estreinatuko dituzte. Zinema proekzioez gain, filmen protagonisten, zinegileen eta landutako gaietan adituak diren pertsona ezagunen solasaldiak ere izango dira.

Proiekzioak Victoria Eugenia Antzokian izango dira batez ere, eta bi emanaldi ere izango dira Antzoki Zaharrean. Tabakaleran, Zinema eta memoria zikloa osatzen duten hiru filmak proiektatuko dira.
Hiriko ikastetxeetako ikasleei zuzendutako bederatzi emanaldi ere egingo dituzte: Kurrin (2022), Dounia eta Alepoko printzesa (2022) eta 20.000 erle espezie (2023).
Solasaldietako gaiak
Zinemaldian hainbat gai jorratuko dira eta horietako batzuen solasaldiak ere antolatu dituzte. Egiaren errekonozimenduaz arituko dira Indarkeriaren oi(h)artzunak filmaren haritik Ander Iriarte eta Amaia Merino zuzendariak, filmaren protagonista den Tamara Muruetagoiena eta Juana Balmasedak parte hartuko dute. Gai hauek ere landuko dira solasaldietan: Palestinaren egoera, lanaren etorkizuna, asiloa eskatzen dutenen oinazea, haurtzaroa eta gerra Ukrainan, eta osasun mentala. Bestetik, honako ildo hauek ere agertuko dira zinemaldian: memoriaren transmisioa erresistentzia modu gisa, migrazioak arma politiko eta militar gisa erabiltzea, emakumeen aurkako sexu indarkeria gatazka armatuetan, transexualen eskubideak Europan eta abar.
Lau erakusketa
Zinemaldiaren programazioan lau erakusketa ere izango dira. Igone Mariezkurrenaren Pakistan: Indusen ibaibideak zabalduko dute ostiralean Aiete Kultur Etxean, eta Nerea Kortabitarteren Baloreak asteazkenean irekiko dute Alderdi Ederreko Udal Liburutegi Nagusian. Artearen eta giza eskubideen inguruko erakusketa ere izango da ostiraletik aurrera, astebetez, Victoria Eugenia Antzokian. Azkenik, argazkigintza humanitarioaren inguruko Luis Valtueña Nazioarteko Sariko lanak ere ikusgai izango dira apirilaren 16tik ekainaren 15era, Okendo Kultur Etxean.

Bestelako jarduerak
MUGI TÚ giza eskubideei buruzko online jokoa ere izango da, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak antolatua. Jokoak proban jarriko ditu parte-hartzaileek arlo horretan dituzten ezagutzak. Bestalde, Lamine Thior aktore senegaldarraren Españul umorezko bakarrizketa ere antolatu dute Antzoki Zaharrean, apirilaren 10ean. Bihar, berriz, desobedientzia zibil baketsuaren kriminalizazioaren inguruko mahai-ingurua egingo dute Victoria Eugenia Club aretoan.
