Ostiralean hasiko da Asvineneako Poltsiko Antzerki Lehiaketa

Ostiralean hasiko da Asvineneako Poltsiko Antzerki Lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ostiralean-hasiko-da-asvineneako-poltsiko-antzerki-lehiaketa/@@download/image/asvinenea_7_1367218993.jpg
2013/04/29
berria
Ostiralean hasiko da Asvineneako Poltsiko Antzerki Lehiaketa
Adunako Asvinenea Kultur Elkarteak antolatuta, Poltsikoko Antzerki Lehiaketaren zazpigarren edizioa hasiko dute datorren ostiralean. Sailkapen faseak maiatzeko ostiraletan egingo dituzte, eta hilaren 24an final handia iritsiko da. Irabazleek sari potoloak eskuratu ahal izango dituzte, eta ikusleek ere ongi pasatzeko aukera izango dute. Animatu!


Asvinenea arte eszenikoen laborategia da, eta elkarteko kideek ikastaroak, emanaldiak, jaialdiak eta beste hamaika jarduera antolatzen dituzte urte osoan zehar Adunako aretoan. Besteak beste, urtez urte Poltsikoko Antzerki Lehiaketa egiten dute, eta aurtengoa zazpigarren edizioa izango da. Iazkoarekin alderatuta, laburragoa izango da, eta finalerako sailkapen faseak maiatzeko hiru ostiraletan egingo dituzte.

Lehiaketaren helburua formatu txikiko ikuskizunak sustatu eta zabaltzea da, teknika eszenikoen ikerketan eta balore berrien formakuntzan sakonduz. Era berean, beste kultur elkarteekin elkarlanean aritu nahi du Asvineneak.

Izena emateko epea martxoan itxi zen, eta ordurako inskripzioa egin zuten talde profesional nahiz amateurrek  beren onena erakutsi beharko dute datozen egunetan. Gehienez ere 15 minutuko obrak izango dira, gaia edozein delarik, eta ostiral honetan, esaterako, lau obra aurkeztuko dituzte. Sarrerek 5 euro balioko dute, eta kultur elkartea laguntzeko baliatuko da bildutako dirua.

Artista gonbidatuak
Sailkapen faseetako bakoitzean, lehiakideez gain artista gonbidatuek ere hartuko dute parte. Lehen egunean, Imanol Carballo bakarlaria eta Duo du Portu bikotea igoko dira eszenatokira, eta datozen egunetan ere musika, dantza, magia eta zirkuko ikuskizunak eskainiko dituzte.

Baina egun handia maiatzaren 24an helduko da, epaimahaiak orduan ebatziko baitu irabazlea nor den. Fase bakoitzetik bi talde hautatuko dituzte, eta beraz, sei obra iritsiko dira azken emankizunera. Poltsikoko antzerki pieza hoberenak 600 euro jasoko ditu, eta ikusleen saria eskuratzen duen obrak 300 euro.