Ostegunetik larunbatera egingo dute Azkoitiko 'Geure Gelatik' liburu azoka
Azkoitiko Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Geure Gelatik liburu azoka antolatu du ostegunetik larunbatera, hilaren 11tik 13ra, emakumeek literaturan, liburugintzan, eta, oro har, kulturan egiten duten ekarpena balioan jarri, haien lanak ezagutzera eman, eta emakume idazleei bozgorailua jartzeko.
Azokaren aurretik, gaur bertan, Tupust! kolektiboaren komikiei buruzko galdera-erantzun saioa egingo dute ikastetxeetan.
Ostegunean, hilaren 11n, ostegunean, Jasone Osoro izango da protagonista nagusia. Liburu Azokak idazle elgoibartarra omenduko du, eta Mariasun Landa idazlearen eskutik jasoko du oroigarria. Omenaldia 18:00etan izango da, eta ordu erdi geroago, Osorok Arrakasta saiakera liburua aurkeztuko du. Beste aurkezpen bat ere izango da aurrez, 17:15ean, Gema Lopezek Annie Ernauxen Emakume izoztua liburuaren itzulpenaz arituko da.
Ostiralean, Maite Frankok 6 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzendutako Zorte txarreko otsoak izeneko ipuin kontaketa egingo du, 17:15ean. Eta jarraian, 18:30ean, Yolanda Arrietak Bizenta Mogeli buruzko Argiaren alaba edo andre argi baten ikurrak tailerra zuzenduko du.
Larunbaterako egitarau betea prestatu dute. Maite Lopez Las Herasek Giorgos Seferis poeta greziarrari eskainitako liburua izango du hizpide 11:15ean. Aritz Gorrotxategi arituko da aurkezle lanetan. Jarraian, 12:00etan, Karmele Jaiok Maitasun kapitala liburua aurkeztuko du Xabier Mendigurenekin batera. Ondoren, 2 minutu lehiaketari buruzko azalpena izango da eta, azkenik, 13:00etan, Bizenta Mogelen Ipuin Onak liburuaren pasarteen irakurketa egingo dute hamar lagunek.
Portaleburu erakusketa aretoan izango da azoka; ostegunean eta ostiralean, 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatean, berriz, 11:00etatik 14:00etara.

