Ostegunean hasiko da Hernaniko 'Hariak', erresistentzia istorioen zinemaldia

Ostegunean hasiko da Hernaniko 'Hariak', erresistentzia istorioen zinemaldia Euskal Herrikoak zein nazioartekoak diren sei film luze eta lau labur emango dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ostegunean-hasiko-da-hernaniko-hariak-erresistentzia-istorioen-zinemaldia/@@download/image/386743710_281802238027333_4206258778035988650_n.jpg
2023/10/31
Euskal Herrikoak zein nazioartekoak diren sei film luze eta lau labur emango dituzte.
Ostegunean hasiko da Hernaniko 'Hariak', erresistentzia istorioen zinemaldia
Hernaniko Udalak Hariak erresistentzia istorioen zinemaldiaren bigarren edizioa antolatu du eta azaroaren 2tik, ostegunetik, azaroaren 12ra izango da martxan, Kulturarteko Plaza Feministan. Zinemaldiaren helburua "munduan zehar gertatzen diren giza eskubideen urraketak ikusaraztea da, baina urraketa horien aurrean eraikitzen diren erresistentzietan fokoa jarrita, hau da, giza eskubideen urraketei aurre egiten zaiela eta aurre egin daitekeela erakutsi nahi dugu. Antolakuntzak eta komunitateak duten indarra nabarmendu nahi dugu”.
 
Hariak izenak ere herrialdeetako erresistentziak askotan lotu egiten direla islatu nahi du. "Askotan sentitu gaitezke identifikatuta beste herrialde bateko egoerekin”, azaldu dute.
 
Bi astez emango dituzte filmak Kulturarteko Plaza Feministan. Ostegunetik igandera, egunero film bat proiektatuko dute eta asteburuetan, saio bikoitza izango da, goizez eta arratsaldez. Arratsaldetako saioak 18:00etan izango dira eta goizekoak, 11:00etan.
Emanaldi bakoitzaren ondoren filmaren egileekin edota gaian adituekin solasaldiak izango dira, “errealitate bakoitza hobeto ezagutzeko eta hausnarketarako bideak irekitzeko”.  Filmak jatorrizko bertsioan emango dira, azpititulaturik, eta emanaldi guztiak dohainik izango dira.
 
Hamar lan ikusteko aukera
Sei film luze eta lau labur emango dira aurten. Bertako eta Euskal Herritik kanpoko erresistentzia istorioak izango dira: Armenia, Argentina, Kolonbia, Espainia, Kenya, Txile... Armeniak garrantzi berezia izango du, Araks Sahakyan artista armeniarraren erakusketa ere egongo baita ikusgai azaroan, Kulturarteko Plaza Feministan.
 
Ostegunean, Araks Sahakyan armeniar jatorriko artistaren Nuit Blanche zauria erakusketa zabalduko dute, eta Arnaud Khayadjanian zuzendariaren Anahide film laburra emango dute, diasporan bizi direnek sentitu dezaketen emozioetako bati buruzkoa. Hurrengo egunean, azaroaren 3an, Araks Sahakyan artistaren Nuit blanche performancea eta solasaldia izango da artistarekin. Ondoren, Diana Kardumyan zuzendari armeniarraren Tombé film laburra emango da. Armeniako egoera politikoa gorabehera, eguneroko bizitzak  aurrera nola jarraitzen duen kontatzen du. Jarraian, Asier Blas Zientzia Politikoetan doktoreak Armeniako egoera politikoaren testuinguru historikoan kokatuko ditu ikus-entzuleak. 
 
Ihitten elkartearen Lasarte-Oria, istorio zumez egina dokumentala proiektatuko dute azaroaren 4an. Hiru belaunalditako emakumeen ahotsak biltzen dira, "hainbestetan isildutako istorioak lotzeko eta ehuntzeko". Ondoren, solasaldia izango da Ihitten elkarteko Idoia Garzes Aldazabal eta Inge Mendioroz Ibañezekin.
 
Azaroaren 5ean, Madrilgo Cañada Reali buruzko Guillermo García Lópezen Aunque es de noche film laburra erakutsiko dute.  Ondoren, Mujeres de Tabadol plataformako Houda Akrikezekin solasaldia izango da. Auzoan argindarrik gabe daramatzaten hiru urte hauetako borroka azalduko du.
 
Egun berean, arratsaldez, Kenyako errealitatea ezagutu ahal izango da The Letter dokumentalaren bidez. Sorginkeriak egitea leporatzen dioten emakume heldu baten istorioa kontatzen du. Gero, Afrikako emakumeen egoeraren testuingurua kokatuko du Trifonia Melibea Obono kazetari, politologo, irakasle eta ikertzaileak. 
 
2001ean Kolonbian eraildako Jorge Adolfo Freytter irakaslearen kasua ezagutuko dute ikus-entzuleek El caso Freytter dokumentalarekin, azaroaren 9an. Haren semea, Jorge Freytter-Florian,  Julian Martinez Vallejo ikerketa kazetaria eta Maria Alejandra Rojas Ordoñez feminista eta lider soziala izango dira solasaldian.
 
Tiempo Argentino egunkariaren kasuaren nondik norakoak kontatzen dituen De la resistencia a la existencia dokumentala emango dute azaroaren 10ean. Malena Winer unibertsitateko irakaslea eta egunkariko langile ohia bertaratuko da.
 
Azaroaren 11n saio bikoitza izango da. Goizean, Estibaliz Urresola zuzendariak Cuerdas film laburra aurkeztuko du. Urresolarekin batera, Meatzaldea Bizirik plataformako Sara Ibañez izango da.  Arratsaldeko saioan, Txileko Arica hirian izandako isuri toxikoei buruzko istorioa kontatzen duen filma erakutsiko dute. Ondoren, Globalizazioaren Zorraren Behatokiko Julia Martí ikertzaile ekofeminista izango da bertan solasean. 
 
Azkenik, azaroaren 12an, torturari buruz Ander Iriartek zuzendutako Karpe Urdinak dokumentala emango dute.