Ostegunean hasiko da Gasteizko Antzerki Jaialdia

Ostegunean hasiko da Gasteizko Antzerki Jaialdia 35 ikuskizun izango dira guztira eta 13 euskal konpainiek hartuko dute parte. Altsasuko kasuaz diharduen antzezlana izango da, besteak beste, euskarazkoen artean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ostegunean-hasiko-da-gasteizko-antzerki-jaialdia/@@download/image/antzerkia.png
2021/09/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

35 ikuskizun izango dira guztira eta 13 euskal konpainiek hartuko dute parte. Altsasuko kasuaz diharduen antzezlana izango da, besteak beste, euskarazkoen artean.
Ostegunean hasiko da Gasteizko Antzerki Jaialdia

Gasteizko Antzerki Jaialdiaren 46.edizioa ostegunetik azaroaren 28ra bitarte izango da martxan eta 35 ikuskizun izango dira gozagai, horietatik hamahiru euskal taldeenak. Jaialdiari hasiera emateko Gasteizko Sleepwalk Collective, Parasite Kolektiboa, Proyecto Larrua eta Tripak taldeen Plató antzezlana eskainiko dute. Plató pieza eszeniko, ludiko eta murgiltzaile berria da, publikoa Platonen kobazulo alegorikoaren sakonenera gerturatzen duena, espetxe zaharra bihurtuz espektakulu eta harridura, errebelazio eta mirarizko mikro-mundu batean. Irailaren 30etik urriaren 9ra bitartean ikusi ahal izango da Montehermoso kulturunean. 

Horretaz gain, Una historia de amor antzezlana estreinatuko dute urriaren 10ean. Antzezlana Katiaren eta Justineren arteko amodioaren ingurukoa da. Intseminazio artifizialaren bidez sortutako alaba jaio eta handik egun batzuetara, Justine desagertu egingo da.

Euskarazko antzezlanen artean honako hauek izango dira: Huts Teatroa eta Artedramaren Atzerrian lurra garratz, doluaren inguruko barne-bidaia; La Dramatica Erranteren Altsasu, Momotxorro inauterietako pertsonaiaren bidez Altsasu kasuko gertaerari buruzkoak kontatzen dituen antzezlana, justizia erdigunean jarriz; Gorakada taldearen Zuhaitzak landatzen zituen gizona, Provenzako landa-eremu zabal batean zuhaitzak landatzen urteak eman zituen artzainaren istorioa; Teatro Paraiso Antzerkiaren Leihoak, hotz eta elurte arriskuaren ondorioz, etxean geratu behar duen eta leihotik begira dagoen emakumeari buruzkoa; eta Piszifaktoria Laborategiaren Noiz utziko dio euria egiteari. 

Espainiako Estatuko aktore ezagunak izango dira jaialdian, besteak beste, Aitana Sanchez Gijon, Belen Cuesta, Guillermo Toledo, Ana Fernandez, Fernando Cayo, Loreto Mauleon eta Alba Flores. Ospe handiko antzerkigileak ere izango dira, esaterako Andres Lima, Juan Mayorga eta Pablo Messiez.

Programazio osoa hemen dago kontsultagai.