Ostegunean hasiko da Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia

Ostegunean hasiko da Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia Maiatzeko hiru astetan zehar hamasei ikuskizunen hainbat emanaldi eskainiko dira, ostegunetik igandera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ostegunean-hasiko-da-donostiako-poltsiko-antzerkiaren-jaialdia/@@download/image/moztua poltsiko.jpg
2022/05/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Maiatzeko hiru astetan zehar hamasei ikuskizunen hainbat emanaldi eskainiko dira, ostegunetik igandera.
Ostegunean hasiko da Donostiako Poltsiko Antzerkiaren Jaialdia

Formatu txikiko antzerki ikuskizunen askotariko proposamenak osatzen dute 31. edizioaren egitaraua, antzerkia herritarrei eta batez ere gazteei hurbiltzeko asmoz. Horretarako, hain ohikoak ez diren agertokiak aukeratzen dituzte, publikoarengandik hurbil daudenak. Pandemia dela eta, zailtasunak izan dira aurreko edizioetan kokapenarekin, aire zabalean kokatutako karpetan egin behar izan baitute, baina aurtengoan espazio horietan aritzeko aukera izango dute, tartean tabernetan.

Hamalau konpainiaren hamasei ikuskizun eskainiko dituzte eta guztira hogeita hamalau emanaldi izango dira, erdiak euskaraz. Emanaldiak hiriko hogeita lau espaziotan egingo dituzte. 

Egitarauaren barruan, hainbat elementu batuko dituzte: antzerkia, umorea, magia, zirkoa, bakarrizketak, musika... Antolatzaileek azaldu dutenez, "gaurkotasuneko gaiak jorratuko dira, kritika eta urratzea nahasita, bizi dugun munduari buruzko ikuspegi desberdina eskaintzeko".

Eskainiko diren emanaldien artean bi estreinaldi izango dira. Batetik, Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XII. deialdiako irabazle izendatutako Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Ivanka antzezlana taularatuko dute. Bestetik, Andoni Mutiloaren Sex Sua ikuskizuna izango da. 

Imanol Ituñok magia ikuskizuna ekarriko du hirira, eta Virginia Imazek Pronoia eta Sex o no sex. Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik, berriz, Luze edo Motz binakako bakarrizketa eskainiko dute, eta Nerea Arriolak Carmenen zai bakarrizketa.

Era berean, Felix Alboren El pueblo de los Mellados, Estefanía de Paz Asinen La Reina del Arga zirkoa, Alazne Etxeberriaren De esto tambien se sale, eta Javier Merinoren Dialogos con mi barriga ikusi ahal izango dira, besteak beste. 

Doka aretoan maiatzaren 22an egingo den itxiera ekitaldian Donostiako Xentimorik gabe konpainiaren Gu Primer!, Virginia Imazen Clownclusiones eta Yogurinha Borovaren Playlist taularatuko dituzte. 

Emanaldiak doakoak izango dira eta programazioa osoa hemen kontsulta daiteke.