Ostegunean hasiko da 23. Korrika, Irunen
23. Korrika martxoaren 14tik 24ra izango da, Irundik Baionara. Ostegunean hasiko da, beraz, euskararen aldeko lasterketa eta irundarrek egun osoko jaia prestatu dute.
Goizeko hamaiketan hasiko da egitaraua Gazte Korrikarekin, eta hainbat ekintza izango dira goizean: Muxikoak, bertso triki-poteoa eta artisau-azoka, besteak beste. Ondoren, 15:30 aldera, 23. Korrikaren hasiera-ekitaldia izango da, San Juan plazan ipiniko den oholtzan. Bertan, AEKren kideek hastapena emango diote Korrikari, Maddi Sanz arpa-joleak eta Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariak lagundurik.
Mezua lekuko barruan sartu, eta 16:00etan abiatuko da. Lehen kilometroa Bidasoko AEK euskaltegiko hamaika irakaslek egingo dute. Euskaltegiko zuzendaria den Beñat Alzagaren esanetan, "lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; bestetik, Korrikak hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko". Korrika Lapurdi aldera abiatuko da baina Irunen jaiak jarraipena izango du: Burrunba elektrotxaranga ibiliko da tabernetatik, eta Esne Beltzaren zein Bad Sound-en kontzertuak ere izango dira. Horrez gain, jatekoa eta edatekoa ere jarriko dute bi txosnatan, Moskun bertan, 12:30etik gauerdira arte.

