Ostalari batzuk mahai bakoitzeko kontu bakarra izatea exijitzen ari dira

Afaltzera irten zara lagunekin edota ezagunekin eta alde egiteko garaia iristean, kontua ordaindu behar da. Ohitura ezberdinak izaten dira ordaintzeko orduan. Sarritan batek ordaindu eta gainerako kideek hari ematen diote dirua. Lehen esku-dirutan egiten zen eta gaur egun ohikoena hari Bizum egitea izaten da.
Batzuek zailtasunak izaten dituzte ordea: Bizumik ez dutelako, lagunen atzetik ibili behar duelako ordainketa egiteko edo mahaikideetako batzuk ezagutzen ez dituelako. Eta hortaz, ordaindu duenak ez du beti bere zatia bakarrik ipintzen. Hori dela eta, zenbaitek nahiago izaten du norbere zatia txartelarekin ordaindu. Horrek ostalariengan ere eragiten du noski. Izan ere, lan handiagoa da haientzat, denbora gehiago pasatzen dute kobraketan eta kajan gorabeherak ere sor daitezke. Horretaz gain, bankuek komisio handiagoak kobratzen dizkiete datafonoa sarriago erabilita.
Hau guztia kontuan izanda, zenbait tokitan banaka ordaintzea debekatzen ari dira, eta oharrak jartzen dituzte mahai bakoitzean kontu bakarra izango dela ohartaraziz. Eta ez hori bakarrik. Banaka ordaintzen dutenei gehigarria kobratzen ere hasi dira. Ez omen da legez kontrakoa, ez dagoelako horren inguruko ezer jasota kode zibilean. Gune bakoitzak hark nahi duena ezarri dezake, eta horren inguruko abisua emanez gero, eta bezeroak, jakitun izanda, bertan otordua egitea erabakiz gero, onartzea besterik ez da geratzen. Gehigarrien zenbatekoa pertsonen araberakoa izaten da, ez baita gauza bera bosti edo hogeiri kobratu.
Zer iruditzen zaizkizue neurri hauek? Kontatu gure sare sozialetan!