Ospetsuak festen zurrunbiloan

Ospetsuak festen zurrunbiloan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ospetsuak-festen-zurrunbiloan-2/@@download/image/20pdan.jpg
2002/06/07
elkarrizketa
Zer uste zenuten? Ospetsuek ez zutela parrandarik egiten, ala? Baita zera ere! Bost lagun hartu eta ondorengo galderak egin dizkiegu.

1- Nongo jaiak dituzu gustukoen?
2- Txosnak ala tabernak?
3- Jaietako pasadizo barregarriren bat…
4- Parrandan ibiltzeko, zein musika?
5- Asko ligatzen al duzu festetan?

Ainara Arrizabalaga Urgabe-ko kantaria



1- Mungiakoak. Txosnetako giroa asko gustatzen zait eta Mungian txosna ugari jartzen dituzte. Koadrilan bertako festetara joateko ohitura dugu.
2- Txosnak.
3- Behin baino gehiagotan gertatu zait txizagurea dela eta, bi auto artera joatea eta han, txiza egiten ari naizela, auto bat aparkatzera etortzea. Nire koadrilan neska askori gertatu zaie.
4- Trikitixa
5- Ez. Dena den, nahi duenak aukera du; parranda giroa, musika, edaria… horrek denak erraztu egiten du.

Ixiar Rozas idazlea



1- Asko: Hernaniko sanjoanak, Donostiako Santo Tomas eguna, Zarauzko EuskalJaiak… Dena den, ez naiz beti toki berberetara joaten, ez dut urteroko zita finkorik.
2- Biak. Bietan izaten dagiro polita.
3- Pasadizo batzuk baditut, baina orain ez dut bat ere gogoan.
4- Dantza egiteko musika, alaia eta mota guztietakoa, trikitixatik hasi eta bolero bateraino.
5- Asko ez, nahikoa. Hala ere, garai honetan beti ligatzen da gehiago, festak direlako baino, uda delako.

Gorka Torre Demoetako kidea



1- Baionakoak. Parranda ederrak egin ditut bertan eta euskal giroa nahi duenak txoko batzuk atzeman ditzake.
2- Tabernak. Ipar Euskal Herrian txosna gutxi jartzen dira eta horrez gain, Baionako zenbait ostatutan, tabernariak lagunak ditut.
3- Rammstein talde alemaniarra; musika eramalea egiten dute, erritmo dinamikoa duena.
4- Duela bi urteko Baionako festetako mozkorraldia. Ohartu gabe, jende pila batekin dantzan eta hizketan aritu nintzen, eta biharamunean, noski, gogoratu ez.
5- Egia erran, zintzotu egin naiz, nire bihotzeko azukre kozkorra atzeman dut eta.   

Inaki Ortiz de Billalba Betagarri-ko kantaria



1- Gasteizkoak, bertakoa naizelako. Batik bat, abuztuaren 4ko giroa gustatzen zait, Zeledon jaisten den egunekoa. Gainerakoan, Lesakako sanferminak. Sekulako gaupasa politak egin ditut Lesakan eta han ezagutu nuen neska laguna.
2- Biak. Normalean, hasieran tabernetan ibiltzen gara eta gero, txosnetan.
3-  Mota guztietako musika; euskal musika eta baita kanpokoa ere. Oreka mantendu behar da.
4- Iaz Lesakan, gaupasa egin ondoren, ez dakit zer demontre gertatu zen, baina autoko giltza maleterora erori zitzaigun, eta ezin genuen bertatik atera. Giltzarik gabe ez zegoen autoa arrankatzerik! Hor ibili ginen toki batetik bestera, batekin eta bestearekin, arazoa konpondu nahian. Azkenean, pintza batzuei esker lortu genuen giltza ateratzea.
5- Lehen gehiago. Orain, kontzertuekin eta, denbora gutxiago dugu.

Martxelo Sotes showman-a



1- Iruñeko sanferminak. Iruñean oso giro ezberdinak daude 200 metroko tartean, eta baita leku berean ere, goizez, arratsalez edo gauez.
2- Udan, beharbada, txosnak.
3- Gezurti galanta izango nintzateke parrandan ibiltzeko musika ona gustatzen zaidala esango banu. Ez dakit adin kontua ote den, baina gero eta patxangazaleagoa naiz: Joselu Anaiak, “Maionesa”…
4- Behin baino gehiagotan, sanferminetan, 24 orduko parranda egin izan dut: bazkaldu, zezenetara joan, afaldu, gau pasa egin, ondoren prozesiora joan dantzatzera, bazkaldu berriro, eta buelta zezenetara… Iaz horrelako parranda baten ondoren, uztailaren 7an, lo seko geratu nintzen lehen zezenarekin.
5- Festetan izan beharko. Bestela, ez dago ez astirik, ezta aukerarik ere!