Ospetsuak festen zurrunbiloan

Ospetsuak festen zurrunbiloan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ospetsuak-festen-zurrunbiloan/@@download/image/9p22-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ospetsuak festen zurrunbiloan
Jende ezaguna besteok bezala ibiltzen al da festetan? Bai, noski. Eta batzuetan, besteok baino "okerrago". Zer diote gazte ospetsuek jaiei buruz?

1-Nongo jaiak dituzu gustukoen? 2-Kontatuko al diguzu jaietako pasadizo barregarriren bat? 3-Non ligatzen da gehien?

Amets Arzallus-(Bertsolaria)
1- Hendaiako bestak penagarriak direnez, kanpora joan behar izaten dut. Donostiako Aste Nagusia biziki gustukoa dut, eta Antzuolako festetatik ere oroitzapen onak atxiki ditut.
2- Duela zenbait urte, Donostiako Loiolako festetara topoz joan ginen. Topoan zer egin sobera ez baigenekien, lagunekin bertsotan hasi ginen. Pixka bat berotuak izanik, sekulakoak bota genituela kontatu didate. Inguruko amatxi guztiak ahalgetuak omen ziren. Beharrik gu ez ginela sobera ohartzen.
3- Ez dago ez toki, ez jai eta ez herri berezirik. Giro onean, pixka bat berotu, eta ausart jokatuz, edonork ligatu lezake. Hala ere, Hego Euskal Herriko neskak haserretzen ez bazaizkit, esango nuke Ipar Euskal Herriko neskak alde ederrekoak direla. Inork dudarik egiten ahal du?
Jasone Osoro (Kazetari eta idazlea)
1- Gehien-gehien nire herriko, Elgoibarko San Bartolome jaietan gozatzen dut. Ez dakit onenak diren, baina bai nireak, nire koadrilarekin egotekoak.
2- Gure koadrilan bada neska bat nahiko despistatua dena. Kontua da, behin tabernan, barrara joan zela eskatzera eta zuritoak banan bana pasatzen hasi zela. Halako batean, ohartu gabe, gure ondoan zegoen koadrilako mutil baten kolkoan, lepoaren eta txaketaren artean sartu zuen zuritoa, eta hantxe laga zuen lasai asko, gutako norbaiti eman ziola konbentzituta. Noiz ohartu zen? Mutilak lepoa mugitu eta plausta, garagardoa bizkarrean behera erori zitzaionean.
3- Ligatzea ez dut uste herri, taberna edo txosna kontua denik, jarrera kontua baizik. Egia da zenbait tokietan jendea ausartagoa dela baina, edozein kasutan, norberak du azken hitza, beraz...
Eneko Acero (Surflaria)
1- Algortako Portu Zaharreko jaiak izugarri gustatzen zaizkit, benetan, kristorenak dira.
2- Aspaldi nire lagun bat, gaupasa eginda, hondartzara autoz joan zen lotara. Laguna hantxe geratu zen lo seko, auto barruan. Eskerrak besteok agertu ginen, izan ere, marea goraka zetorren eta ia-ia autoa eta laguna eraman zituen!
3- Nire ustez, festetan ez da gehiegi ligatzen. Hori bai, jende asko ezagutzen duzu, giro jatorra izan ohi da, eta batzuetan, ia konturatu gabe, jendeak ligatu egiten du.
Saioa Garcia (Hasiberriak-eko aktorea)
1- Bilboko Aste Nagusia. Ni bilbotarra naiz eta beraz, Bilboko jaietan ez dut autoa hartu beharrik inora joateko; erosoa da niretzat. Horrez gain, oso festa onak dira.
2- Bilboko iazko Aste Nagusiaren hasiera gogoan dut, txupinazoa oso berezia izan zelako. Loli Astorekak itxaferoa jaurtiki behar zuen, baina hizketan larregi luzatu zen, eta jendea jaiak hasteko irrikitan zegoenez, builaka eta txistuka hasi zen.
3- Nire ustez, herri txikietako festak onenak dira horretarako. Lagunek esan didatenez, beraiek arrakasta handia izaten dute herri txikietan.