Ospatzeko gutxi

Duela egun batzuk telefono dei bat jaso nuen gazteei zuzendutako proiektu baten aurkezpen ekitaldira gonbidatzeko asmoz. Ekitaldi horretan nire betebeharra zein izango zen galdetu nuen, hau da, aktiboki parte hartzea aurreikusten zuten ala talde argazkian ateratzearekin nahiko ote zen. “Esaten didazuenaren arabera, zer prestatu pentsatuko dut” esan nuen. “Jakina, ze arropa jantziko duzun pentsatzeko ezta?”, erantzun zidan beste aldean zegoen gizonak.
Ez dut erabat argi gizona izateak galderaren zentzuak okertzen ala xamurtzen duen –ezin dut imajinatu halako esaldi bat emakume baten ahotik entzuteak eragingo lidakeen erreakzioa–. Baina modu batean ala bestean, nire solaskideari ez zitzaion okurritu zerbait prestatze horren atzean hitz batzuk esan edota aurkezpen bat egitea zegoenik. Barregura urduria atera zitzaidan eta “Ez, mutil, ez dut arropa aukeratzeko hainbeste denbora beharko!” esaldi jostariaz amaiera eman nion elkarrizketa surrealistari. Telefonoa eskegi eta, pena, segundu pare batean mila erantzun aproposagoak etorri zitzaikidan burura.
Onartzen dut minutu batzuk eman nituela izandako zentzugabezko elkarrizketari bueltaka eta martxoko editorialera ekartzea erabaki nuen, horrek nire barrukoak hustutzeko balioko zuelakoan. Baina berriz ere, milagarren aldiz, neure buruari galdetzen diot: bi gizonen arteko elkarrizketa izan balitz, batak aurresuposatuko luke besteak prestatu beharreko hori bere biharko modelitoa zela?
Etxera iritsi eta betiko jolasari ekin diot: telebistako mandoa hartu eta katez aldatzen hasi naiz iragarkien bila. 20 minutuko tartean emakumeak azaltzen diren rol katalogo zabalari erreparatu diot: almorranen eta idorreriaren biktima, aurpegiko zimur eta estriak deritzoten inperfekzioen kontrako borrokalari, klik batez nahi beste zapata eta soineko erosteko aukeraren amesle, gripedun gizonen eta pardala bustita duten umeen zaintzaile, arropa txuri-txuria uzten duen detergente onenaren defendatzaile, egunero komunera joateko yogurren kontsumitzaile eta orgasmoaren sintomak eragiten dituzten kolonia fraskoen aldarrikatzaile.
Nazioarteko Emakumeen Egunean ez zait nire inguruko emakumeak zoriontzea burutik pasako, gutxi baitugu ospatzeko eta asko borrokatzeko.