Oscarretan film onena aukeratzeko arau berriek berdintasuna bermatuko dute

Oscarretan film onena aukeratzeko arau berriek berdintasuna bermatuko dute Zinemaren sari prestigiotsuenetan aldaketa historikoak egin dituzte; 2024an jarriko dituzte martxan, 96. edizioan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oscarretan-film-onena-aukeratzeko-arau-berriek-berdintasuna-bermatuko-dute/@@download/image/oscars.jpg
2020/09/09
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Zinemaren sari prestigiotsuenetan aldaketa historikoak egin dituzte; 2024an jarriko dituzte martxan, 96. edizioan.
Oscarretan film onena aukeratzeko arau berriek berdintasuna bermatuko dute

Zinemaren Akademiak arauak aldatuko ditu, eta aurrerantzean, film onenaren Oscar saria eskuratzeko parametro berriak bete beharko dituzte hautagaiek. Hala, etorkizunean lau kategoriatan banatutako ezaugarriak aintzat hartuko dituzte film onenak hautatzeko prozesuan: pantailaren barruko zein kanpoko aniztasuna eta bidezko irudikapena sustatzea, generoa, sexu-orientazioa, arraza, jatorri etnikoa eta ezgaitasuna.

Erabaki historikoa izan da, eta adierazi dutenez, 2024an jarriko dituzte martxan, 96. edizioan. Aipatutako lau kategoriek beste azpikategoria ugari izango dituzte; adibidez, lehen kategoria betetzeko beharrezkoa izango da gutxienez filmeko pertsonaietako bat (protagonista ala bigarren mailakoa) gutxitan agertzen den arraza ala etnia batekoa izatea, eta bigarren mailako pertsonaien %30 ere gutxitan agertutako arraza ala etniakoak izatea. Istorioa arraza ala etnia horien ingurukoa izatea ere balioa izango du. Aipatutako gutxi agertutako talde horietan sartzen dira emakumeak, koloreko pertsonak, LGTBQ+ kolektibokoak eta ezgaitasuna dutenak.

Oso kontutan izango dute ere filmaren egituran eta ekoizpenean aniztasuna zaintzea; taldean eta lidergoan aipatutako taldeetako jendeak lan egitea baloratuko dute. Horrekin batera, lan eskaintzak berdintasunean oinarritu izana eta publizitatea zein filmaren distribuzioa parametro horiek jarraituta egin izana kontuan izango dute. Gainontzeko sarietarako hautagaitzetan oraingoz ez dute aldaketarik egingo.

DATORREN URTEKO OSCAR SARIAK, ATZERATUTA

Pandemiaren ondorioz, 2021. edizioa bi hilabete atzeratzea erabaki du Akademiak, eta hala, apirilaren 25ean ospatuko da sariketa. Gainera, lehen aldiz streaming bidez estreinatutako filmek ere lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.