'Oscarra Oscarrentzat' antzezlana izango da egunotan Donostiako Antzoki Zaharrean

'Oscarra Oscarrentzat' antzezlana izango da egunotan Donostiako Antzoki Zaharrean Jon Plazaolak, Ane Gabarainek, Mikel Laskurainek eta Oihana Maritorenak antzeztuko dute komedia, sentimenduak eta argi-ilunak uztartzen dituen obran. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oscarra-oscarrentzat-antzezlana-izango-da-egunotan-donostiako-antzoki-zaharrean/@@download/image/oscarraoskar.png
2024/08/14
Jon Plazaolak, Ane Gabarainek, Mikel Laskurainek eta Oihana Maritorenak antzeztuko dute komedia, sentimenduak eta argi-ilunak uztartzen dituen obran.
'Oscarra Oscarrentzat' antzezlana izango da egunotan Donostiako Antzoki Zaharrean

LaMandanga Producciones eta Txalo Produkzioak konpainiek ekoiztutako Oscarra Oscarrentzat antzezlanaren emanaldiak izango dira bihartik igandera, 20:00etan hasita, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Obra Los Angelesen kokatutakoa da, Oscar Akademiaren Sariak banatzen diren gauean. Hiriaren kanpoaldean dagoen motel xixtrin bateko terraza izango da kokagunea, eta bertatik Hollywood kartel famatua ikusten da. Oscar Manzano zine zuzendari gaztea film labur onenaren sailean izendatu dute eta Guillermo Barrientos Kultura ministroa eta Irene Navarro Ogasun ministroarekin batera joan da Los Angelesera, berak zergatik ez dakien arren. Bi politikariek ezin dute elkar ikusi ere egin, eta eztabaidan ari dira etengabe. Oscarrek ustekabeko bisita ere izango du; Pauline izeneko escort girl misteriotsu batena. Berak ez dakiena da neska Guillermok berak kontratatu duela sari banaketan eta alfonbra gorrian bere neska-lagunaren plantak egin ditzan. Euren bizitzako gaurik zoroena igaroko dute motelean, eta euren ametsak zein diren eta haiek betetzeko atzean zer uzteko gai diren erakutsiko dute.

Mario Hernandez zuzendariaren eta testuaren egilearen arabera, "lehen zatia erritmo azkarrean igarotzen da, endredozko komedia zoro baten abiadurara. Baina bigarrenak erakusten ditu lanak mahai gainean jarri nahi dituen sentimendu kontrajarrien eta argi-ilunen arteko kontrasteak. Dualitate hauxe da pertsonaietan ematen dena ere; guztiek izan nahi baitute “beste norbait” edo hori adierazten saiatzen dira bederen, euren izenak, edo aurpegiak, aldatzeraino, itxurakeria hutsagatik edo euren buruak engainatzeko bestela. Denok ditugu ametsak baina hauek lortzeko bidean sarritan abiapuntuan ginen pertsona hori izateari uzten diogu. Beraz, norena da ametsa? Ez dago galdera honi erantzuteko Hollywood baino toki hoberik. Ametsak egi bihurtzen direneko hiria".

Lau aktore izango dira oholtzan, antzezlaneko pertsonaiak gorpuzten: Ane Gabarain, Oihana Maritorena, Jon Plazaola eta Mikel Laskurain.