Osasun larrialdiak Euskal Herriko gazteen emantzipazioa atzeratu du

Osasun larrialdiak Euskal Herriko gazteen emantzipazioa atzeratu du Iazko datuak kontuan hartuta, gurasoen etxetik alde egin dutenen proportzioa 3,4 puntutan jaitsi da. Hamarretik sei gurasoen etxean bizi da 20 eta 34 bitarteko gazteen artean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/osasun-larrialdiak-gazteen-emantzipazioa-atzeratu-du/@@download/image/gazteen-emantzipazioa-euskal-herria.jpg
2021/06/04

Maitane Legarreta Etxezarreta

@mailegetx

Iazko datuak kontuan hartuta, gurasoen etxetik alde egin dutenen proportzioa 3,4 puntutan jaitsi da. Hamarretik sei gurasoen etxean bizi da 20 eta 34 bitarteko gazteen artean.
Osasun larrialdiak Euskal Herriko gazteen emantzipazioa atzeratu du

Pandemia honek hainbat alorretan izan du eragina eta baita gazteek gurasoen etxetik alde egiteko garaian ere. Gaindegiak egindako azterketaren arabera, emantzipatutakoen proportzioa 3,4 puntutan apaldu da 2020an. Gauzak horrela, 2008az geroztik Euskal Herrian izandako proportzio txikiena da iazkoa. Adinari erreparatuta, 25 eta 29 urte artekoan artean izan da atzeraldirik nabarmenena (-4,2), baina 20 eta 24 urte artekoena ere esanguratsua da (-3,0).  Bildutako datuak kontuan hartuta, 20 eta 34 urte bitarteko gazteen artean hamarretik sei gurasoen etxean bizi da. 20 eta 24 urte artekoen artean %8,7 baino ez da bizi bere kontura. 

Osasun larrialdiak egoera okertu egin duen arren, azken urteetan joera ez da ona izan. 2008tik 2020rako epealdian gurasoen etxetik at bizi direnen kopurua %12,2koa izanda, batez beste. Epealdi berean %40,8ra iritsi da 25-29 adinekoen artean; multzo berekoen artean %45,6koa zen, ordea, 2014an. Pasa den urtean, berriz, %33,9koa izan da adin-talde berean. Beheranzko joera argia da, beraz.

Ipar Euskal Herrian datu hobeak 

Ipar Euskal Herrian 30-34 urte bitarteko gazteen %93,2 gurasoen etxetik kanpo bizi da; Hego Euskal Herrian, aldiz, proportzio hori %70,9koa da. Belaunaldi gazteagoen artean are nabarmenagoa da aldea: 20-24 urte bitarteko herritarren erdia (%50,3) gurasoen etxetik kanpo bizi da Ipar Euskal Herrian eta 25-29 urte bitartekoen artean, hamarretik zortzi (%80,8). Hego Euskal Herrian, aldiz, 20-24 urte bitarteko gazteen %5 eta 25-29 urte bitartekoen %33,9 dira. Ipar Euskal Herriko datuak 2017koak badira ere, urte bereko bi eremuen alderaketan antzematen da koska.

Hainbat faktore daude egoera hau azaltzeko, baina langabezia-tasak ere eragin zuzena du, noski. Hego Euskal Herriko 15-24 urte bitarteko gazteen langabezia-tasak (%31,3) Iparraldekoa ia bikoiztu egin du 2020. urtean. 25-34 adin tartean ere (%13,4), Hego Euskal Herriko langabezia ia bost puntu handiagoa izan da. Bestetik, alokairuan bizitzeko aukera anitzagoak dira Ipar Euskal Herrian.

Barnealdeko gazteak kostaldera Iparraldean

Ipar Euskal Herriko gazteen emantzipazioan badira lurralde arteko desberdintasunak. Lapurdin gurasoekin bizi ez diren gazteen proportzioa Nafarroa Beherean eta Zuberoan baino handiagoa da. Lurraldeen arteko desoreka horiek 25-29 urte bitartean dute isla nabarmenena: adin-talde horretan Lapurdin hamarretik zortzi emantzipatuta daude (%82,2). Nafarroa Beherean (%73,7) eta Zuberoan (%66,7) kopurua murritzagoa da. Horrek ez du esan nahi barnealdeko gazteak geroago emantzipatzen direnik, edo hala izatekotan ere, arrazoi bakarra hori denik. Barnealdeko gazte askok kostalderantz -Baionara, bereziki- jotzen dute emantzipatzeko asmoz. Beste batzuk, ikasketak tarteko, urrunago ere bai.

Hiriguneetara jo

Emantzipatzeko asmoarekin hirigunera jotzea ohiko joera da Euskal Herri osoko gazteen artean. Eremu horietara gerturatu bai, baina etxebizitza eskuragarriagoa den tokiak hautatzen dituzte. Donostialdean, esaterako, Astigarraga, Lasarte-Oria, Errenteria edo Hernanira jotzen dute; Bilbo Handian Derio edo Barakaldora; Iruñerrian Berriobeiti, Sarriguren (Eguesibar) eta Berriozarrera; eta Gasteizen Aretxabaleta-Gardelegi, Zabalgana edo Salburuako auzoetara. 

Europako gazteen emantzipazio maila altuagoa

2019. urtean Euskal Herriko 20-34 urte bitarteko gazteen %43,3 gurasoen etxetik kanpo bizi zen. Europar Batasunean proportzio hori %55,3koa zen. Europan gazteen emantzipazio tasa handienak Danimarkan (%90,5), Finlandian (%87,7), Norvegian (%85) eta Suedian (%84,3) izaten dira. Goiz da estatu guztietan 2020 urteko datuak ezagutzeko, baina Danimarkan eta Finlandian, behintzat, gazteen emantzipazioa ez da uzkurtu osasun larrialdiaren ondorioz.