Osagarri erotikoak, erabilera terapeutikoak

Osagarri erotikoak, erabilera terapeutikoak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/osagarri-erotikoak--erabilera-terapeutikoak/@@download/image/2011622168sexua_1361447123.jpg
2011/06/03
erreportajea
TESTUA: Nerea Sancho. Bitxigorria.
Osagarri erotikoak,  erabilera terapeutikoak
Bibragailuek, lubrifikatzaileek, olioek eta antzekoek plazera eta larru festa dute helburu. Baina, ohiko erabilerez gain, bestelako funtzio berezi eta terapeutikoak ere izaten dituzte. 

Lumen, kandelen, kontsolagailuen, arropa berezien eta zentzumenak estimulatzen dituzten gainerako osagarri erotikoen balioa horretan datza, justu: gure ikusmenari, dastamenari, usaimenari, entzumenari... eragiten diete eta, gainera, irudimena elikatzeaz gain, gure fantasiak gauzatzen laguntzen digute.

Hala ere, zenbait kasu berezitan, iragarkietan maiz neurrigabe goraipatzen diren osagarri horiek beraiek bestelako funtzio terapeutikoak betetzen dituzte eta estimulazio hutsa ez den balio erantsia hartzen dute.

Emakumezkoentzat erabilgarri

Txinatar bolak, esaterako, oso erabilgarriak dira zoru pelbikoa eta muskulu pubokoxigenoa –emakumeen kasuan, bagina inguratzen duena– lantzeko. Zenbait emakumek, erditu ondoren edota menopausia garaia helduta, arazoak izaten dituzte txiza kontrolatzeko eta, behar bezala erabiliz gero, txinatar bolek hori saihesteko muskulua garatzen dute.

Bestetik, bagina estimulatzeko diseinatzen diren bibragailu luzexkak lagungarriak izaten dira atresia baginala ekiditeko. Alegia, adinarekin baginako hormak lehortuz doaz, elkarri itsatsiz, eta honek sorrarazten duen mina saihesteko edo arintzeko gomendagarria izan daiteke bibragailu hauek erabiltzea.

Era berean, kontsoladoreek paper garrantzitsua jokatzen dute baginismoari –baginan ezer sartzeko beldurra (tanpoiak, behatza, zakila...)– aurre egin nahi dioten neska gazteen tratamendu terapeutikoetan, baita beren gorputzak ezagutu eta orgasmoak bizitzen ikasten ari direnen kasuan ere.

Rokitansky Sindromea dela-eta –5.000 neskatik bat– baginarik gabe jaiotzen direnentzat ere lagungarriak izaten dira bibragailuak. Baginaren errekonstrukzio kirurgikoa egiten zaie eta bibragailuaren estimulazioa beharrezkoa da gune berria osasuntsu mantentzeko.

Azkenik, minbiziaren aurkako tratamenduen ostean, askok tresna hauek baliatzen dituzte baginaren elastikotasuna berreskuratzeko.

Gizonezkoentzat erabilgarri

Zakila estimulatzeko edo laztantzeko balio duten masturbatzaileek plazera ez den beste zerbitzu batzuk ere eskain ditzakete. Arrautza itxura dutenek, esaterako, eiakulazioaren gaineko kontrolerako ariketak egiteko balio dute.
Bestalde, prostatako minbizia jasan eta gero zakilaren zutiketa sentitu ezin dutela geratzen dira asko. Zakilak eskaintzen dien ukimena mantentzen dute, ordea, eta beraz, masturbatzaile hauen forma eta ehundura atsegina izan daiteke laztantzeko.

Adimen urritasuna nahiz urritasun fisikoa duen seme bat etxean duten familientzat ere tresna lagungarria da. Kasu hauetan, gurasoek laguntzen diete semeei masturbatzen, behar fisikoak asetzen eta honetan arrautza itxurako masturbatzaileak betetzen duen funtzioa oso garrantzitsua da distantzia markatzen duelako semearen zakilaren eta aitaren edo amaren eskuaren artean.

Eta itsuek zer? Eta ezkerrek?

Bibragailu guztiak ez dira berdinak. Batzuek kontrolerako botoiak dauden gunean ez dute mugimendurik eragiten, horiek dira pertsona itsuek gehien atsegin dituztenak, baita Parkinsona dutenek ere; bestela, botoiek ere bibratuko balute, zaila litzaieke sakatzen asmatzea. Esku bakarrarekin erabiltzeko errazak direnak nahiago dituzte ezkerrek.

Ezkerrek edo esku bakarrarekin moldatu behar duten pertsonek arazoak izaten dituzte, baita ere, lubrifikatzaile ontziak ireki eta ixteko. Haridunak –roskadunak–, behintzat, ez dira egokiak. Askoz erosoagoak zaizkie hatz bakarrarekin zabal daitezkeenak. Zenbait sex-shopetan, bestalde, film erotikoak ikusteko gelatxoetan botoiak ezkerrentzat ere prestatzen dituzte.

Eta zerrenda luzea da, zorionez. Adibidez, gaur egun itsuek pelikula erotikoak entzun ditzakete horretarako prestatzen diren deskribapenei esker.

Gizon eta emakumeak sexudunak eta anitzak garela eta behar ezberdinak ditugula kontuan hartzen dugun neurri berean, aukera berriak sortzen ditugu eta gutako bakoitzak plazera sentitzeko, gozatzeko, dugun eskubidea bermatuz goaz.

Zakila estimulatzeko arrautza japoniarrak



Japoniarrek gelezko arrautzak asmatu dituzte, zakila laztantzeko. Kanpotik begiratuta, zaila da antzematea zertarako balio duten, baina barruan gelatinaren antzeko testura duen masturbatzailea dakar arrautzak, eta horrekin batera, lubrifikatzaile zorro bat. Gizonezkoek bakarka erabil ditzakete baina konpainia onean ibiltzeko ere aproposak dira. Buruz gora, buruz behera, bragetatik iheska, etzanda, banaka, binaka, hirunaka erabil daiteke arrautza japoniarra. Sei eredu desberdinen artean aukera dezakezue, nork bere gustura. 

Proba ezank, tximua: