Ortzadar koloredun mendiak

Zhangye inguratzen duten mendiek ortzadar kolorea dute. Txinako iparmendebaldeko Gansu probintziako lurretan koloretako mineralak pilatzen hasi ziren orain 24 milioi urte. Gerora, plaka tektonikoen arteko talkak olatu itxurako ondulazioak eragin zituen, eta urteen poderioz, uraren eta haizearen higadurak forma zorrotzagoa eman die 300 kilometro karratuko zonaldean hedatzen diren mendiei. Bisitariek autobusez zeharkatzen dute parke geologikoa, eta gehienek hondar koloretsuz betetako kristalezko botilekin parekatu dute paisaia. Euria egin ondoren sekula baino biziago ageri dira koloreak, baina ez da erraza une hori harrapatzea.