Ornitorrinko

Ornitorrinko https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ornitorrinko/@@download/image/46p49-1.jpg
2004/11/05
erreportajea
Amagoia Iban
Ornitorrinko


Etorri bezala joan ziren Imanol Arias, Ana Duato eta "Cuéntame cómo pasó" telesaileko gainerakoak: Alderdi Popularrarekin batera. 60ko azken urteak eta 70eko lehendabizikoak gogorarazi zizkigun Television Españolako ekoizpen horrek, garai haien aurpegirik latzena leundu eta halako Arkadia bitxia sortuz, zuzenean ezagutu ez zutenentzat eta ezagutu bai baina nozitu ez zutenentzat. Arrakasta itzela izan zuen, jakina. Zer espero zitekeen historia garaikideko irakaspenak jasotzeko tresnarik onena telesail ezin zuriago bat izan daitekeela aspaldi irentsi zuen audientzia batengandik?

PSOEk Moncloa hartzearekin batera, kasualitatea izango da agian, beste urte batzuk agertu zaizkigu telebista pantailetan: "Los 80". Telebista pribatu batean eskaini dituzte, Tele 5en, eta izen ezagunez osatutako aktore parea jarri dute amu. Garai haietako kontakizunak ez du hainbesteko arrakastarik izan, baina, ez da izango muturreko ezker ikuspegitik planteatuta zegoelako. Programaziotik desagertu dira Coronado eta Sanchez Gijon, audientzia eskasiaren zamapean.

Euskaldunok ere, ez gara hain diferenteak. Gurean gehien iraun duen telesailak lantzen ez duen gai bakarra politika da. Tira, hori hitz egiteko modu bat da, politikaz ez hitz egitea ere politika baita. Politikaz paso egitea eta, beraz, datorrena datorren moduan onartzea, inongo aipamenik, gogoetarik eta eztabaidarako zirrikiturik utzi gabe, oso jarrera politiko interesgarria baita, batez ere, politika bizibide —eta ez konponbide— duten askorentzat.

ETB2n politikaz asko hitz egiten digun umore saioa gogora ekarriz, "ornitorrinko" dela, hil honetan ere, gure hitz nagusia. Gainerakoan, ondo.

Homosexualentzako telebista



Gay eta lesbianentzako telebista katea abiatu berri dute Frantzian: “Pink TV”. Film pornografikoak, talk show-ak, telesailak, eztabaidak eta dokumentalak dira kate horren osagarri nagusiak. Katea ikusteko ordaindu beharra dago, eta arduradunek adierazi dutenez, 2007rako, 200.000 bazkide izatea espero dute. Aurrerapausoa ala ghettoa areagotzeko tresna izango al da? Horra hor gure galdera.