Orlando Bloom: Pirata ameslaria

Bere bizitzak ipuin bat dirudi. Ez da harritzekoa, baina. Canterbury lanbrotsuan jaio baitzen Orlando Bloom. Aita hegoafrikarra zuen. Apartheid politika segregazionistaren aurka borrokatu zen abokatu adoretsua. Haur bat baino ez zen Orlando aita zendu zitzaionean. Ia elkar ezagutu ez zuten arren, aitaren jarrera liberala jarauntsi du mutilak.
Ametsez betetako motxila batekin iritsi zen Londresera Orlando nerabea. Antzerkiaren xarmak gatibaturik. Bi urte eman zituen National Youth Theatre entzutetsuan. Talentu handiko gaztea zenez gero, ez zen bertatik oharkabe igaro. Handik irten bezain laster, British American Drama Academy finean ikasteko beka bat erdietsi zuen eta. "Wilde" izan zen bere estreinako filma. Rol txiki bat jokatu zuen bertan. Bere zinema ibilbidea eten zuen, ordea, Guildhall School of Music and Drama apartan ikasteko aukera eskaini ziotenean. Interpretazioak fama hutsak baino areago erakartzen zuenaren seinale.
Zorionaren errepidetik zihoala, heriotzaren segaren hotza sentitu zuen lepoan ezustean. Hirugarren pisu batetik erori eta gero, hilzorian egon zen eta. Larriki zauritu bazen ere, istripu lazgarri hartatik onik irten zen amaieran. Antzerki eskolara itzuli zenean, Peter Jackson zinemagile zeelandarrak "The Lord of the Rings" trilogian parte har zezan eskatu zion. Legolas arkulari ilehoriak egin du ezagun Orlando Bloom, hain zuzen ere. Elfo gerlari apal horri esker, zinema proiektu erakargarrietan hartu du parte azken aldian. "Black Hawk Down" eta "Pirates of the Caribbean" filmak dira horren lekuko. Aurki, "Ned Kelly" eta "The Calcium Kid" interesgarrietan ikusiko dugu.
Arkuarekin jaurtikitako geziekin bihotz anitz zulatu ditu Orlandok. Ehiztaria, ordea, ehizatua izan ohi da sarri. Joanne Morley aktore erakargarria izan zen, hain justu, elfo ameslariaren bihotza bereganatu zuen neska. Bereganatu eta apurtu zuena, zehatz-mehatz. Haren adiskide min batekin joateko abandonatu baitzuen Orlando gizajoa neskatoak. Bakarrik dabil harrez geroztik. Portuz portu. Altxor bila zebilen Jack Sparrow pirata ameslaria bihurtu balitz bezala.
Nortasun agiria
Izena: Orlando Bloom.
Jaioteguna: 1977-I-13
Jaiolekua: Canterbury (Erresuma Batua).
Neska-laguna: Joanne Morley aktorea. Harremana eten dute.
Lagunik onena: Maude txakurtxoa.
Janaririk gustukoena: Japoniarra (barazkijalea da).
Maite ditu: Arrisku-kirolak.
Gorroto du: Saldukeria.
Liburu bat: Eraztunen Jauna (J.R.R. Tolkien).
Aktorerik estimatuenak: Christopher Reeve eta Viggo Mortensen.