'Orkestra Lurtarra' animaziozko filma estreinatuko da gaur Hegoaldeko zinemetan
Joan den asteburuan Donostian, Bilbon eta Bartzelonan aurrestreinaldiak egin ondotik, gaur estreinatuko da Lotura Films-en Orkestra Lurtarra animaziozko filma Hegoaldeko zinemetan. Filma Euskadi Saria irabazi zuen Harkaitz Canoren izen bereko liburuan
oinarrituta dago, baina ekoiztetxeak adierazi duenez, "bestelako tratamendua egin diote musikalki eta baita istorioan ere, garaikideago eta ganberroago bihurtuta". Lotura Films-ek orain arte egin duen lanik "zoro eta dibertigarriena" dela ziurtatu dute,
zazpi urtetik gorako ume zein helduentzat aproposa dena.
Honela azaldu dute filmaren nondik norakoa: "Bizitzan ezer ez da erraza ezta bat-batekoa ere, baina aldi berean asko dauka ospatzeko. Hori oso ondo ikasi dute Orkestra Lurtarra arrakastara, edo ez, eramango duten musikariek. 2014an izen bereko liburuan oinarrituta film hau egitea erabaki genuen. Luze jo du, baina merezi izan dute bideak eta lanak. Filmeko pertsonaiek eta hauek arrakasta horren bilaketan biziko dituzten hartu-emanek gizartea ezin hobeto erretratatzen dute: Manu ameslaria eta apur bat tuntuna; Salegi bizizale eta harroa; Perfumetti anai erromantikoak; Aldika orojakilea; Osoki bihurri eta egoskorra; Presidentea izeneko ahuntza…".
Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute 70 minutuko iraupena duen filma, eta azken honek sortu du musika guztia. Gidoia, berriz, Harkaitz Canok eta Eneko Olasagastik idatzi dute.

Iparraldean datorren astetik aurrera
Kazeta.eus-ek iragarri duenez, Ipar Euskal Herriko zinema geletan ere ikusi ahal izango da filma apirilaren 13tik aurrera, Gastibeltza Filmak ekoiztetxearen banaketari esker. Hitzordu hauek lotu dituzte oraingoz: Maulen, apirilaren 13an eta apirilaren 18an, 15:00etan; Getarian, apirilaren 16an, 14:15ean; Hazparnen, apirilaren 21ean, 17:00etan, eta apirilaren 24an, 16:00etan; Biarritzen, apirilaren 21ean, 14:30ean; Donapaleun, apirilaren 22an, 15:00etan; Donibane Garazin, apirilaren 24an, 16:00etan; Urruñan, apirilaren 24an, 11:00etan, apirilaren 26an, 17:00etan, eta maiatzaren 1ean 15:30ean. Kanbo, Hendaia eta Donibane Lohizunen ere aurreikusi da filmaren proiekzioa.


