Ordizian Lazkao Txikiren murala egiteko diru-ekarpena egin dezakezu

Ordizian Lazkao Txikiren murala egiteko diru-ekarpena egin dezakezu Euskararen biziraupen eta jatortasunaren inguruan Lazkao Txiki bertsolariak zuen kezka islatzen duen murala egin nahi dute herriaren erdigunean Emaneurre taldekoen ekimenez. Pasaiako Otaño aita-seme grafitigileek egin dute diseinua eta berau gauzatzeko finantziazio kanpaina jarri dute martxan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ordizian-lazkao-txikiren-murala-egiteko-diru-ekarpena-egin-dezakezu/@@download/image/euskara.jpg
2021/07/19

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Euskararen biziraupen eta jatortasunaren inguruan Lazkao Txiki bertsolariak zuen kezka islatzen duen murala egin nahi dute herriaren erdigunean Emaneurre taldekoen ekimenez. Pasaiako Otaño aita-seme grafitigileek egin dute diseinua eta berau gauzatzeko finantziazio kanpaina jarri dute martxan.
Ordizian Lazkao Txikiren murala egiteko diru-ekarpena egin dezakezu

Ordiziako Emaneurre taldeak kultur eta kirol ekitaldiak antolatu ohi ditu eta beti euskararen aldeko hautua egiten dute. Euren hitzetan, "euskaraz bizi, sortu eta pentsatzen dugu. Ez dugu irudikatzen euskararik gabeko Ordiziarik, ezta Euskal Herririk ere". Hizkuntzarekiko konpromisoa hain bizi izanik, euskararen etorkizunak kezkatzen ditu: "Euskararen egoerak kezkatzen gaitu, bai erabilerak eta baita hizkuntzaren jatortasunak ere".

Hain zuzen ere, Lazkao Txikik ere bazuen kezka hau. Erdararen eraginaz jabetua zen Lazkaomendiko bertsolaria eta halaxe adierazi zuen esaldi honen bidez: "Martxa honetan aurki erdaraz hitz egingo dugu, euskaraz ari garelakoan". Esaldi hori aproposa iruditu zaie Emaneurre taldekoei, eta mural bat egitea pentsatu dute hitz horiek eta Lazkao Txikiren irudia ardatz hartuta. Nextor eta Aitor Otaño grafitigileei proposatu zieten ideia eta diseinua definitua dute dagoeneko. 

Nexgraff izen artistikoz ezagutzen ditugun Otaño aita-seme pasaitarrek egindako diseinu honetan Lazkao Txikiren irudia ageri da lehen planoan, eta atzealdean hain maitatuak zituen Txindoki eta Lazkaomendi. Goiko aldean, haren doinuetan hain garrantzitsuak ziren txoriak, “txoriak zirela bertsolari onenak” esaten baitzuen, eta gorago euskararekiko bere kezka adierazten duen esaldia. Azkenik, eskuetan ordulari bat du, orratzen artean 'euskara' hitza idatzita. Ordulari honek esanahi irekia izan dezakeela adierazi dute egileek, baina "guri hil aurretik anestesistari egin zion azken txistea datorkigu burura". Izan ere, bihotzeko ebakuntzaren atarian honako esaldi hau esan zion bertsolariak medikuari: "Zuk jarriko nauzu lotan, baina bihar esnatzeko zeinek jarriko dit despertadorea?”.

Lazkao Txiki gogoratuz eta berak zuen kezka kaleratu nahian, Ordiziako erdigunean dagoen Andre Maria kaleko 18.ean egin nahi dute murala. Horretarako, sostengu ekonomikoa behar dute eta crowdfundinga jarri dute martxan proiektua finantzatzeko. Ekimena bultzatu nahi duen edozein norbanako zein taldek egin dezake ekarpena. Hainbat ordainsari daude diru-ekarpen kopuruaren arabera, baina beste modu batera ordaindu nahi izanez gero, eurekin harremanetan jartzeko eskatu dute. 4.500 euroko mugarria finkatu dute eta 46 egunen faltan, 3.400 eurotik gora biltzea lortu dute. Gutxieneko dirurik lortzen ez badute, ez dute proiektua egingo eta ekarpena egiteko konpromisoa hartu duenak ez du inolako kosturik izango.

Laguntza horren bidez euren helburuak lortuko dituzte: Lazkao Txikik euskararekiko zuen kezka hori mural batean azaltzea eta kontzientzia sortzea; Lazkao Txiki oroitu eta omentzea; Ordiziako kaleei kolorea eta nortasuna ematea; herriko kultur ondareari ekarpena egitea; eta auzolanari eta ahalegin kolektiboari esker lortuko den herri proiektua izatea.