Ordenagailua on line

Ordenagailua on line https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ordenagailua-on-line/@@download/image/20118316621orde_1361311285.jpg
2011/09/02
erreportajea
Testua: Iratxe Esnaola
Etorkizunean dena Internet izango dela esan izan da aspalditik. Dena Interneten egongo dela. Nahikoa izango dela web nabigatzaile bat gure ordenagailuarekin egiten dugun guztia egiteko. Eta izan daiteke. Urteak dira testu-prozesadoreak, kalkulu-orriak eta bestelako bulegoko aplikazioak on line ditugula (GoogleDocs da adibide egokiena: docs.google.com ). 

Urteak dira orain gure ordenagailuarekin egiten dugun guztia etorkizunean on line egingo dugula esaten digutela. Eta edozein lekutan gaudela, web nabigatzaile batekin, gure ordenagailura sartzeko aukera izango dugula. Teknikoki garatua dago, baina zergatik ez da erabiltzen?

Gero eta jarduera digital gehiago egiten ditugu sarean. Gero eta aplikazio gehiago daude. Zerbitzu kopurua mugagabea da. Internetek ematen dituen aukerak, kontaezinak. Badira bost bat urte testu-prozesadoreak on line ditugula. writely.com zen hasieran, baina hilabete gutxiren buruan Googlek erosi zuen, eta kalkulu-orriekin batera, GoogleDocs famatua sortu zuen. Lehen aldiz, aurrez pentsaezina zena garatu zuten: bulegoko aplikazioak on line.

Baditu bere alde onak: batetik, ez dugu bulegoko aplikaziorik ordenagailuan instalatu beharrik; eta, bestetik, guk ez ezik, guk gonbidatzen dugun edonork ere alda dezake dokumentua, lan kooperatiborako sekulako aukerak eskainiz. Baina era berean, gure dokumentuak on line izateak badu bere alde iluna: dokumentu horiek Interneten daude, beraz, atera dira gure ordenagailutik. Hau da, neurri batean edo bestean, kontrol puntu bat galtzen dugu. Hala ere, azpimarratzekoa da GoogleDocsek Https protokoloa erabiltzen duela, segurtasunaren 's'-a gehituta.

Egia da, ordea, on line dokumentuekin, eta denborarekin, noski, kontrol puntu hori galtzeari garrantzia kendu zaiola, tresna horiek oso-oso erabiliak baitira gaur egun. Eta horixe izan daiteke, beharbada, mahaigaina on line ez erabiltzearen arrazoi nagusia.

Mahaigain edo eskritorio birtual gisa ere ezagutzen dira. Hau da, berez, gure ordenagailuan nabigatzaile bat izatearekin nahikoa izango litzateke, nabigatzaile horren bitartez konektatuko baikinateke, zerbitzariren batean, sarean, hor nonbait, instalatuta dagoen gure sistemara. EyeOS (eyeos.info) da adibiderik onena eta gertukoena. Bartzelonako hiru gaztek garatu zuten 2005ean, eta egun ia 50.000 erabiltzaile ditu.

EyeOS sistema libre eta doakoa da. Gure dokumentuak edozein lekutatik sortu eta garatzeko aukera ematen du. Baita irudien eta soinuen erreprodukzioa ere. Eta nahi izatera, gure mahaigain birtualean ditugun fitxategiak beste erabiltzaileekin partekatu ditzakegu. Garatzaileen ustez, iraultza ekarriko duen sistema da, baina ikusteke dago oraindik. Egia da aldaketetara gero eta azkarrago ohitzen garela, baina iduri du belaunaldi bat edo gehiago pasatuko direla mahaigain birtualak egunerokotasunaren parte izan arte.

Egia dena da Internet gero eta leku handiagoa hartzen ari dela gure bizitzetan. Dena Interneten dagoela eta, ez dagoena, inoiz egongo dela. Denbora kontua dela ematen du askotan. Baina beharbada ez da hala. Eta osasuntsua da hori pentsatzea, teknikoki posible den guztiak ez baitu zertan onuragarria izan.

Eyeos webgune ofiziala



http://eyeos.info/
Proiektuaren inguruko informazio guztia biltzeaz gain, Demo batekin sistema probatzeko aukera eskaintzen du.

Elkarrizketa


http://www.nickdutnik.com/es/eyeos
Nick dut Nik programan EyeOSeko garatzaile bati egindako elkarrizketa.

Googledocs



http://www.google.com/google-d-s/intl/en/tour1.html
Bisita gidatu bat bulegoko aplikazioak on line eskaintzen dituen atarian zehar.