Oraindik ametsetan

Berriro esango dugu: Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen Arrabal azpizigilua lan itzela egiten ari da hemengo jazz musikarien lana ezagutarazteko. Beste kontu bat da, Euskal Herrian egiten diren jazzaldien programatzaileek lan hori kontuan hartzen ote duten. Oraingoan, Victor de Diego bizkaitarraren txanda heldu da, eta lan bikaina egin du. Oraindik ametsetan honetan, arintasuna, freskotasuna eta dotorezia da nagusi. Abesti entzunerrazak dira, atseginak, barrenetik ondo garatu eta neurtuak, eta konponketa sotilez apainduak. Hori gutxi balitz, musikari talde dotore bat igartzen da konposatzaile fin baten atzean.