Orain eta hemen

Orain eta hemen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/orain-eta-hemen/@@download/image/ilustrazioa_jon_1477395024.jpg
2016/10/26
erreportajea
Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi
Orain eta hemen
Gazte izatea carpe diem leloari hertsiki lotuta egon ohi da. Momentuaz gozatu, ez denborarik galdu. Bizitza laburra da, zukua atera gaurko egunari zure azken orduak bailiran. Izan sortzaile, esploratzaile, ausart. Erabakiak hartu, ondorioak probatu eta konforme ez bazaude, iritziz aldatu.
Momentu hau iristeko desiatzen ari zinen, benetan nahi duzuna egingo duzu. Berdin du zertan zaren ona, zertan kale egiten duzun. Do it your way.
Zure bizitza behin eta berriz marraztu beharreko oihal txuria da. Gero eta zirriborratuago, gero eta urratuago. Anabasatik lasaitasunera; kolore gordinetatik gozoenetara. Eta lantzean behin, bastidoretik askatu eta beste mihise berri bat josteko gogoa izango duzu. Batzuetan lortuko duzu, bestetan ez.

Originala, berezia, berritzailea eta bakarra sentitzeko grina. Zeure burua etengabe gainditzeko gogoa eta arriskuak dimentsioantzeko denborarik ez. Motibazioa da zure iparrorratza eta ez da galerarik barkatuko.

Espazioa eta denboraren arteko harremanari modu inkontzientean helduz, egunerokoa eraikitzen saiatzen zara, gerokoak geroko. Baina kontuz ibili, gazteengandik onena espero da, mundua zure zain dago. Galderaz beteta bazaude ere, emaitzak zor dituzu. Zure sormena garatzeko lekua topatu eta zure ametsak betetzeko formula asmatu beharko duzu. Berdin du, ez kezkatu: oraina zara eta hemen zaude.