Orain dela 164 urte aldaketa klimatikoa aurreikusi zuen emakumea

Orain dela 164 urte aldaketa klimatikoa aurreikusi zuen emakumea Eunice Newton miretsitako aitzindaria da egun, berak aurreikusi baitzuen aldaketa klimatikoa orain dela 164 urte. Horrez gain, feminismoaren aurrendaritzat ere hartu izan da zientzia munduan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/orain-dela-164-urte-aldaketa-klimatikoa-aurreikusi-zuen-emakumea/@@download/image/EuniceFoote_Illustration_lrg-780x372.jpg
2019/10/08

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Eunice Newton miretsitako aitzindaria da egun, berak aurreikusi baitzuen aldaketa klimatikoa orain dela 164 urte. Horrez gain, feminismoaren aurrendaritzat ere hartu izan da zientzia munduan.
Orain dela 164 urte aldaketa klimatikoa aurreikusi zuen emakumea

1856. urtean lanpara eta telefonoa jarri berriak ziren, bizikletari bosturteko bat falta zitzaion eta termometroari, idazteko makinari, autoari eta Coca Colari oraindik gehiago gelditzen zitzaion. Baina urte horretan, 1819an Connecticut-en (Estatu Batuak) jaiotako Eunice Newton Foote emakumea bere ikerketa Zientzien Akademia Amerikarrean aurkeztera ausartu zen: Eguzki izpien beroari eragiten dien zirkunstantzia.

Lan honen hipotesira iristeko 76 zentimetro luzeko hiru beirazko kanpai erabili zituen. Lehenengoa, ur lurrunez bete zuen, bigarrena dioxido karbonoz (CO2) eta azkena, airez. Eguzkitan jarri zituen eta frogatu zuen eguzkiaren beroak kanpaien barruko edukia eraldatzen zuela. Eta adi honi: bigarren kanpaian aldaketa klimatikoaren eta negutegi efektuaren tragedia deskubritu zuen!

Alta, ezin izan zuen (ez zioten utzi) taulada igotzen bere hipotesia defendatu eta gizateriari zetorkion hondamendia jakinarazi. Nola ba emakumea izanik! Are gehiago, sorgin bat edo deabru bat bailitzan airearen kutsadura, ozeanoen tenperaturaren igoera, glaziarren desizoztea eta espezieen heriotza aurreikusten bazituen, nola ba!

Bere lana gizon batek aurkeztu zezan uztea beste aukerarik ez zuen izan. Joseph Henry irakasleak aurkeztu zuen Newton-en hipotesia eta hauek izan ziren hasi aurretiko bere hitzak: Inongo herrialde ez da zientziaren jabea eta ez du sexurik. Emakumearen esferak ez du edertasuna eta erabilgarria dena soilik barne hartzen, baita egiazkoa dena ere.

John Tyndall fisiko irlandarrak ordea, urte batzuk geroago antzeko lan bat argitaratu zuen, aldaketa minimoekin, Eunice-ren aurkikuntzari ez ikusiarena eginez. Inongo lotsa izpirik gabe hauxe adierazi zuen: Orain arte ez da horrelako esperimenturik existitu.

2019an, jazoera hartatik 163 urtera, Mary Robinson, Irlandako presidentea, buru duen emakume talde batek komunikatu bat burutu zuen justizia egiteko helburuarekin: Mugimendu klimatikoak ezin du arrakastarik eduki munduko emakumeak lidergotzara ez badira gizonezkoekin batzen. Jada neskato zein emakumeak justizia klimatikoaren alde borrokan ari dira. Haatik, ahots horiek askotan ez dauden ongi ordezkatuak eta hauen ahaleginak ez daude erabat babestuak. Ordua da emakume hauen jakinduria eta lidergotzari aitortza bat burutzeko.

Ez da lehen aitortza izan ordea, jada 1848ko uztailaren 19an, New Yorken 300 pertsonen aurrean Sentimenduen Deklarazioa onartua eta ospatua izan zen. Testu hau feminismoa mugimendu sozial bilakatu  zuen agiria izan zen. Honelakoak irakurri zitezkeen deklarazio horretan: Gizateriaren historia gizonak emakumearen aurka modu errepikakorrean egindako irain eta usurpazioak izan dira, emakumearengan erabateko tirania ezartzeko helburu zuzenarekin.

Deklarazio hori sinatu zutenen artean Eunice Newton eta Elisha Foote bere senar, matematiko eta abokatua zeuden. Eunice-ri bere hipotesia defendatzen utzi ez bazioten ere, hilabete geroago Scientific Ladies aldizkarian norbaitek hau idatzi zuen: Batzuk diote emakumeek ez dutela adimen indar nahikorik ikerketa zientifikora dedikatzeko. Emakumeoi ezartzen zaizkigun beharrengatik, gutxik eduki dute aukera zientzian modu esperimentalean aritzeko, baina aukera eduki dutenek gizon batek besteko indarra eta trebezia erakutsi ahal izan dute.

Negutegi efektuaren aitzindari izan zen Eunice Newton 1888an hil zen 69 urterekin. Sei urte geroago hil zen Elisha, bere senarra. Bi alaba izan zituzten: Mary eta Augusta. Lehena artista eta idazlea izan zen eta Sufragio Femeninoaren Elkarteko presidente izatera iritsi zen Misurin. Bere ahizpak The Sea at Ebb Tide (Itsasoa eta itsas behera) liburua idatzi zuen, Ipar Amerikako ondartzetan zeuden organismoak aztertzen zituen bertan. Nolako zura halako ezpala.