Oporretan ikusteko mundu osoko telesail-motzak

Oporretan ikusteko mundu osoko telesail-motzak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oporretan-ikusteko-mundu-osoko-telesail-motzak/@@download/image/telesailakGAZTEZULO.jpg
2019/04/16

Testua: Gaizka Izagirre@Gaizka_Izagirre

Oporretan ikusteko mundu osoko telesail-motzak

Hori bai, ez dadila luzeegia izan, egun-tarte horietan hasi eta bukatzeko zerbait.  Harrapatzeko modukoa izan dadila, eta ahal bada atal gutxikoa edo behintzat denboraldi bakarrekoa ezta? Hementxe gure proposamenak!

 'Stateless'

Lau ezezagunen bizitzak Australiako basamortuan dagoen immigranteak atxilotzeko zentro batean gurutzatzen dira: sekta arriskutsu batetik ihes egin duen hegazkin konpainia bateko azafata bat; ihesean dabilen errefuxiatu afganiar bat eta bere familia, etorkizunik gabeko lan batetik aldendu nahi duen aita gazte bat eta eskandalu nazional bat ezkutatzeko denbora amaitzen ari zaion burokrata bat. Zentro horien kontraesanenetan zentratzen da telesaila eta hainbat ikuspegi erabili prozesu burokratikoen eta bidegabekerien erretratua ere egiten du. Mingarria eta gogorra iruditu zait une askotan.  Cate Blanchet aktorearen ideia batetik abiatuta garatu da telesail honen gidoia; akats burokratiko baten ondorioz etorkinak atxilotzeko zentro batean sartu zen australiar baten benetako istorioan oinarrituta, ekaitz politiko handia eragin zuena.

Non ikusi? Netflix

'Catastrophe'


Rob Delaney (Amerikarra) eta Sharon Horgan (Irlandarra). Bien arteko “erlazio-motz” baten eraginez,  neska haurdun geratuko da. Ez dira apenas ezagutzen, baina erlazioa mantentzeko saiakera egingo dute. Premisa, ezin sinpleagoa. Baina horregatik iruditzen zait hain zuzen ere telesail honen meritua goraipatzeko modukoa dela. Txikitasun horretatik,  telesail bikain bat lortzea oso zaila delako. Baina Catastrophek, hasieratik erakusten dizkigu karta guztiak, ez du inor engainatzeko intentziorik. Kontatu nahi digun ideiarekiko fideltasun osoa eskaintzen digu lehen minututik.
Nabarmendu nahi dudana dena den, modu zoragarrian landuriko beste alderdi bat da: Pertsonaiak. Zein garrantzitsua den gidoi ala istorio on baten barruan, tramarekin batera eskutik doazen pertsonaia landuak tartekatzea. Amazon Studios-en ekoizpen honek, muturreraino eramaten du teoria  hori eta bi  protagonista maitagarri eraikitzea lortu dute. Lehen minututik maitatuko ditugun bi interpretazio/pertsonaia zoragarriei esker. Esan bezala , Sharon Horgan eta Rob Delaney (aktoreez gain, telesailaren gidoilariak ere badira). Interpretazio aldetik sekulako erakustaldia eskaintzen digute, baina batez ere,  etengabe jariatzen duten naturaltasun horri esker, kimika harrigarria sortzea lortu dute bien artean.  Bilduma banaezin bat osatuz, biak elkarrekin,  zoragarri funtzionatzen dute. 

Non ikusi? Amazon/Movistar

'Når støvet har lagt sig'

Eskandinaviako telebistan %42ko share ikusgarria lortu zuen telesaila, bertan fenomeno mediatiko bihurtuz. Fenomeno horren zergatia ulertzen dut, urteko telesail nordiko onena iruditu baitzait. Gurutzatzen diren istorioen egituraz baliatuz Kopenhage hiriko jatetxe batean gertatzen den atentatu terrorista basati baten gaineko kontakizun gordina da. Atentatu horrek Kopenhage hiria astindu ondoren, zortzi pertsonen bizitzak gurutzatu egiten direla ohartuko gara pixkanaka, jatorri eta lanbide ezberdinetakoak. Eraso hori gertatu eta hamar egun lehenago kokatzen da tramaren erpin bat, baina baita gertatzen den unean eta noski, ondoren ere. Interesgarriena, guztia ikuspegi soziologiko baten betaurrekoetatik begiratzeko aukera eskaintzen digula da, jakin gabe elkarrekin konektatuta daudela -edota egongo direla- eta beren bizitzaren inflexio-puntu gorenean nola erreakzionatzen duten jakin gabe.  Horrekin guztiarekin, telesail nordiko askok era paregabean egiten duten moduan, Danimarkako gizartearen erradiografia txiki bat ikusteko oso baliagarria iruditu zait. Pertsonaia sorta desberdin horiei esker, -Justizia ministroa, etxerik gabeko ama, jatetxeko jabea, zerbitzarietako bat eta bederatzi urteko alaba, iturgin bat, jatorri palestinarreko ile-apaintzaile bat, abeslari suediar bat eta mugikortasun arazo larriak dituen erretiratu bat dira- telesailak, milimetroraino aztertzen baitu daniar mikrokosmos hori.

Non ikusi? Filmin

'The Young Pope'

2016a, Paolo Sorrentino zinegile italiarrak, pantaila txikira salto egiten zuen beste zuzendari ezagun baten lekuko bilakatu zen urtea bezala gogoratua izango da. HBO, Sky Italia eta Canal+ en arteko ekoizpen honek, 40 urte eskas dituela,  Leny Belardo (Jude Law) AEBtako PIOXIII lehen aita santu izendatu berri duten istorioa kontatuko digu. Lehen bi atalak gainera, Veneziako zinema jaialdian aireratu zituzten, txalo zaparrada ugari jasoz.
Hasierako minutuetan,  Leny Belardo, bere lehen diskurtsoa emateko prestatzen ari dela ikusiko dugu. Urduri sumatzen zaio, inork ez baititu Aita Santu berriaren printzipio eta balioak ezagutzen. Vaticanoko balkoian kokatzen den unean, imintzio eta keinuak eginez askatasunaren aldeko diskurtsoa jaurtitzen hasiko da, ia Tom Cruisek Magnolia filmean jaurtitzen duenaren pare. Sexu bereko erlazioen aldekoa dela esanez, abortua, sexu librea eta masturbazio zerbait positiboa direla esanez… bat-batean, irudia moztu eta Jude Law berriro ohean ikusten dugun unea ohartzen gara, guztia amets bat besterik ez dela. Amets bat agian, baina telesailaren nondik norakoa zein izango den eta batez ere zein aita santu mota aurkeztu diguten jakiteko balio izango du. Hortik aurrera,  Erromako kuriaren guda politiko moduko bat hasiko du.
Badakit gaiak nagitasun ikaragarria sortzen duela eta agian ez zarela gerturatu ere egingo. Baina amorerik ematen ez duen aita santu, mendekari eta haserrekorra ikusteko aukera hori oso interesgarria iruditu zait.  Bere haurtzaroan gertaturikoaren aurka eta hainbat momentutan jaungoikoan sinesten ez duela esanez. Sorrentinok hain berezkoa duen estetika zoragarri horretaz baliatuz eta hizkuntza zinematografiko oso aberatsa erabiliz, urteko ezinbesteko batean bilakatu da zalantzarik gabe. Osagarri guzti hauekin zuzentasun ezaren bankete bat ikusteko aukera izango duzuelarik.

 Non ikusi? HBO

'EUPHORIA'


Euphoria
telesaila hitz gutxitan aurkeztu beharko banu: bigarren (mailako) hezkuntzako ikasle talde baten egunerokoa erakusten duen ekoizpena dela esango nuke; drogak, sexua, nortasuna, traumak, sare sozialak, maitasuna eta laguntasunaren bidetik nabigatzen duten bitartean. Guzti hori gainera, era oso gordin, esplizitu, harrigarri, gogor, ilun eta deserosoan aurkeztua. Urteko telesailik polemikoena? Zirikatzaile da, ausarta, iluna eta batez ere oso deserosoa. Z belaunaldiaren, –90eko hamarkadaren erditik edo 2000. urte hasieratik gaur arte jaiotako pertsonek osatzen duten belaunaldia– zentsurarik gabeko erretratu oso gordina, gaixotasun ohikoena antsietatea dela erakusten duena, izango duten etorkizunaren ziurgabetasuna, gaixotasun horren eragileetako bat delarik eta teknologia berriak, erabat ondoratzeko balio duen putzu sakon bat. Ez dakit gustuko izango duzun ala ez, baina ziur gutxitan ikusi duzula antzekorik.


Non ikusi? HBO

'The Missing'

Lehen denboraldi bikainean, Oliver Hughes izeneko umearen desagerpenaren inguruko istorio interesgarria bizitzeko aukera izan genuen arren, bigarrenean kontakizun mamitsu eta sendoago bat topatuko duzu. Protagonista nagusietako batek errepikatu egiten du, Julien Baptiste (Tchéky Karyo aktore bikainak gorpuztua) detektibeak. Kasu honetan, lehen denboraldi horrekin konexiorik ez duen arren, bai lehen atal horietako batean aipatzen zen kasu batekin. Urteetan zehar pertsonalki eta profesionalki, beretzako amesgaizto bihurtu den Sophie Giroux-en kasua.
Bigarren honetan, Sam Webster (David Morrissey) eta  Gemma (Keeley Hawes) ezagutuko ditugu. Urteak desagerturik daraman alaba (Alice Webster) baten gurasoak izango dira kontakizun honen protagonista nagusiak. Desagertu eta 11 urte beranduago (2014 urtean), Alice Webster Alemanian kokatzen den herrixka bateko kaleetan zehar azaltzen da bat-batean. Badirudi, neska honen eta orain urte batzuk Julien Baptiste detektibea atsekabetu zuen Sophie Girouxe-n artean lotura bat baino zerbait gehiago dagoela.
Hortik aurrera eta bi denbora tarte erabiliz -neska azaltzen den une konkretua eta bi urte beranduago- familia eta herrixka horretako biztanleen egunerokoa betiko aldatuko denaren lekuko zuzenak bilakatu gaituzte. Lehen minututik harrapatzen duen telesail horietako batean bilakatuz. Mundu guztia susmagarritzat hartzen dugun gidoi aldakor eta aurretik asmaezina duena.

Non ikusi? Amazon, Movistar

'American Crime'

(2.denboraldia)


Azken urteetan Fargo, lehen aipaturiko The Missing eta True detective telesailetan gertatu bezala, American Crime-en lehen denboraldiak ez du batere zer ikusirik bigarrenarekin. Trama eta pertsonaia guztiz desberdinak direlako baina kasu honetan bereizgarri batekin: lehen denboraldiko aktore berdinak azaltzen direla, baina pertsonaia desberdinak gorpuztuz. Estatu Batuetako institutu bateko nerabeek, hain tipikoa izaten den festa horietako bat antolatu dute. Hurrengo goizean sare sozialak mutil gazte horietako baten argazkiz josiak ageri dira, erdi biluzik, drogen menpe eta inguruan guztiak iseka ari diren bitartean.
Sortzaileak, John Ridleyk, 12 Years a Slave filmean, egokitutako gidoi onena irabazteagatik ezaguna, istorio gozagarri baina era berean mingarri bat sortzea lortu du. Alor guztiak daude zainduak ekoizpen honetan; muntaia oso eraginkorra da eta istorioa sinesgarriagoa izaten laguntzen du. Baina lortutako errealismoa etengabe arnastearen erantzule nagusiak, gidoi sendo eta interpretazio maila altuei esker izan da.
Lehen denboraldian, hilketa baten ostean lau pertsona sartzen dituzte kartzelan. Hortik aurrera, epaiketa, gaizki-ulertuak, arrazakeria gaiak, tentsio eta tirabirak sartu ziren jokoan. Bigarren honetan aldiz, planteamendua askoz ere sinpleagoa dirudien arren, atalak pasa hala, tsunami bilakatuko den ur tanta bat izango dela ikusiko dugu. Ondorio larri eta gogorrekin. Errealismoa jariatzen du poro guztietatik eta hori esan bezala, gidoi sendo eta interpretazio maila altuei esker lortu dute. Atalak pasa hala forma hartuz doan telesail bikaina. Telebista komertzialak normalean saihesten dituen galdera deseroso horiek, eskrupulurik gabe, zuzenean mahai gainean jartzen dituelako. Ikuslea deseroso sentiarazi nahi horrek, ekoizpen oso interesgarri bilakatu du. Gizarte kritika ziztatzailea eta ezohikoa -mutil baten ustezko bortxaketa- kalitatezko ekoizpen bati lotua egon daitekeenaren froga nabarmena.
Gizarte estatubatuar zizelkaturiko erretratu soziokultural hau, beste behin, kontakizun unibertsal bilakatu delako; munduko edozein hiriko eskola batera estrapolatu daitekeen istorioa baita. Garrantzitsuena ondorioak direnean, "egia" hori, bigarren maila batera pasatuz.

 Non ikusi? HBO

'The Night Of'

Izen bereko telesail Britainiar baten remake-a, kasu honetan HBO-k ekoiztua.  Neska ezezagun batekin oheratu ostean, hurrengo goizean esnatzean, neska hilda eta labankadaz josia dagoela ohartzen da. Protagonistak ez du ezer gogoratzen eta ihes egitea erabakitzen du. Hortik aurrera xehetasunez jositako ekoizpen milimetriko bat ikusteko aukera izango dugularik
Gurutzatzen joango diren azpi-trama desberdinetan banatua -flashback ugarirekin denboran joan etorriak egiten dituen narrazio baten eraginez-. Hasieran Nasir ‘Naz’ Khan ikus dezakegu, ( Riz Ahmed aktore ingelesak modu bikainean gorpuztua) Queens auzoan bizi eta Pakistandar jatorria duen erdi mailako ikaslea. Aitari baimenik eskatu gabe, familiako taxia hartu eta Manhattan-en antolatu duten festa batetara joatea izango du helburu. Hainbat bidaiari autora igotzera ukatu ostean (ezin du taxiko “in service” mezua itzali),  Andrea Cornish izeneko neska bat igoko da. Paseo, droga, alkohol eta hainbat jokoren ostean, protagonista,  neskaren sukaldean esnatzen da hurrengo goizean. Etxeko eskailerak igo eta agurtzera doanean ordea, neska ohearen erdian, labankadaz josia,  hilik aurkituko du.  Momentu horretatik aurrera bere bizitza betiko aldatu da.
Drama penal desberdin, ausart eta batez ere kritikoa aurkituko duzu harribitxi honetan. Arrazismoa, justizia, politika, arau kulturalak, agintaritza, konformismoa ala borroka bezalako gai sentikorrak ukituz.  Telesail honetan, helmuga baino, garrantzitsuena bidea dela konturatuko zarete. Hori bai, bide hori,  maisulanak iruditu zaizkidan lehen eta azken atal zoragarri batzuen artean babesturik ( lehengoak 75 minutu , azkenak 93) . Aktoreak, pertsonaiak, gidoia, erritmoaren erabilpen paregabea eta normala den bezala (HBO delako)  alderdi tekniko zoragarria.

Non ikusi? HBO

'zerozerozero'

Narkotrafikoaren gaineko telesailek normalean ikuspegi nahiko itxia eskaintzeaz gain,  arazoaren fokua toki jakin batean soilik kokatzen dute. Ekoizpen italiar honek prismatikoak urrunago ipini eta drogaren negozioaren inguruko erradiografia aparta egitea lortu du. Horretarako hiru fase erakusten dizkigu telesailak: salmenta (Mexikon), erosketa (Italian) eta banaketa (AEBtatik ateratzen den itsasontzi bat). Maisuki jokatzen du ikuspuntu desberdinek eskaintzen dutenarekin eta gurutzatzen diren istorioen mamia erabiliz, gidoi oso eraginkorra osatzea lortu dute. Mexikon, AEB-tan, Marokon, Senegalen eta Italian errodatu den telesail iluna, bizia eta xurgatzailea.  Amazonen mundu-mailako Narcos-a bezala definituko nuke.

Non ikusi? Amazon

'FLEABAG'


Edinburgo hiriko antzezlan independente batean oinarrituriko telesail honek -Fringe First Award saria irabazi zuena-, 30 urte inguru dituen Fleabag-en istorioa kontatzen digu. Oinarritzen den antzerki horretan, bizitzari, sexualitateari eta erlazioei zentzua bilatzen zien emakume baten bakarrizketa ikus zitekeen. Telesailean aldiz, bere egunerokoan, sexu harremanak mantentzea, lehentasun handienetarikoa bilakatu den emakume -hartu arnasa-  zoro, lotsagabe, suntsitzaile, berekoi, perbertitu, ziniko, kaotiko, heldugabe eta batez ere dibertigarria aurkezten digute. Izaera hori, azken urteetan, Louie, Love, Girls edo Catastrophe telesailetan ikusi dugun antzeko umorearekin nahastean, ekoizpen beltz, garratz eta hainbat uneetan deseroso batean bilakatzea lortu dute. Epel uzten ez duen horietakoa azken finean.

Non ikusi? Amazon.

'Jordskott'

 

Mundu zabalean astero telesail berriren bat estreinatzen da, baina, gezurra badirudi ere, ez da hain erraza parekorik ez duen lan bereziren batekin topo egitea. Alde horretatik, sorpresa atsegina izan zen Jordskott telesail suediarra; harrituko zaitu. Ariketa zaila izan daitekeen arren, telesailari buruz gehiegi kontatzeak berezko duen xarma zapuztu dezakeenez, saiatuko naiz soilik printza batzuk emanda ikus dezazuen konbentzitzen. Lehen atalaren hasierak Forbrydelsen (The Killing, 2007-2012) edo Broadchurch (2013) bezalako telesailetan ikusi dugun ume desagertuaren inguruko drama poliziakoan pentsatzera garamatzan arren, atalaren amaierako genero aldaketak argi ikusaraziko digu ekoizpen desberdin eta harrigarri baten aurrean gaudela. Henrik Björn publizistak sortutako telesailaren gakoetako bat horixe da, telesail amerikarren inbidia pizteko modukoa den genero berri baten sorrera.  Eko-telesaila bezala definitu dute hainbat webgunetan, atalak pasa hala osagai erreflesibo-ekologiko bat azaleratzen duelako; Hayao Miyazakiren filmetan sarritan ikusi dugun hausnarketaren atzerako zerbait, alegia. Eta ikuslea gogoetara daraman osagai horretaz gain, misterioa eta etengabeko beldur-giroa ere maisutasunez lantzen du; M. Night Shyamalanek hasierako filmetan oinarri izan zuen ideia: “Ikusten ez dugun hori imajinatzeak beldurtzen gaitu”. Gainera, efektu digitalik gabe lortzen du ikuslea urduri jartzea, soinuekin eta naturako elementuekin ezin hobeto jolastuta.

Non ikusi?  Filmin

‘I May Destroy You’

Ziurrenik oraindik entzun ez duzun arren apuntatu ongi HBO-n ‘I May Destroy You’ telesaila estreinatu berri duen Michaela Coel-en izena. Aktoreak berak jasan zuen sexu-eraso batean oinarrituta, ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzkoa. Baina telesail konkretu horretatik harago, nor da Michaela Coel? Kulturaren barruan #MeToo mugimenduko erreferenteetako bat bihurtu den pertsona da. Ghaniar jatorriko emakume honek 28 urterekin idatzi eta protagonizatu zuen Chewing Gum telesaila, Londresko areto txikietan sekulako arrakasta izan zuen bere antzezlan baten egokitzapena dena, Chewing Gum Dreams. Neurri batean, bere ibilbidea, Phoebe Waller-Bridge-renarekin alderatu daitekeen arren
–gidoilari, zuzendari eta aktore lanak uztartzen dituelako beti ere genero ikuspegiari indarra emanez– Coel Fleabag-en sortzailea baino askoz politikoagoa dela uste dut.

Non ikusi?  HBO

'DEFENDING JACOB’

Oso gustura ikusi dut AppleTV plataformako Defending Jacob telesaila. Trama oso berritzailea ez izan arren, gutxienetik gehiagora doan thriller dramatiko txukuna, zirraragarria eta eraginkorra iruditu zait. Ausardiaz eztabaida eta hausnarketarako gaiak mahai gainean jartzen dituena. Nerabe bat hilik azaltzen da. Hilketaren susmagarri nagusia klasekide bat. Honen aita, fiskal gisa ari da lanean. Bere betebeharraren eta semearekiko maitasunaren artean banatuta, krimena argitzen saiatu beharko da.
Non ikusi? Apple Tv+ 
 

 

'Kampen om tungtvannet'


Zuzendaria Per-Olav Sorensen eta  gidoilarien artean izen ezagun bat:  Adam Price, Borgen telesail zoragarriaren sortzaileetako bat besteak beste. Istorioa kokatzeko, II. Mundu Gerrari buruzko atal konkretu batera egin behar dugu salto: Ur Astunaren Bataila deiturikoa. II Mundu Gerran, Norvegian gertaturiko gertaera historiko erabakigarriena. Rjukan kokaturiko Norsk Hydro enpresari eginiko sabotaje ekintzak, bertako ur astuna fabrikatzearen planak eragozteko. Eta zergatik zen hain garrantzitsua ur hau? Naziek arma nuklearrak garatzeko behar zutelako.
Telesailak lau ikuspuntu desberdinetatik erakusten digu gatazka; Lehenik eta behin, alemaniarren ikuspegia, energia atomikoari buruzko ikerkuntza zientifikoaren bitartez, Werner Heisenberg (Bai, Breaking bad telesaila pertsonaia erreal honetan inspiratu zen)  buru dela. Bestetik aliatuena, bai Londreseko kuartel nagusian eta baita eskoziarrean basean, sabotaje planak burutzen dituzten bitartean. Hirugarrena, erasoak burutzeko ardura duen norvegiar taldea. Eta azkenik, ur astuna fabrikatzen duten enpresa eta bertako zuzendariak.

Non ikusi? Filmin eta Amazon

 ‘Mira lo que has hecho‘

Guraso izateak bizitzan dakarren erabateko aldaketari aurre egin behar dion bikote baten gaineko erradiografia berritzailea eta ausarta iruditu zait, ohikoa ez den ikuspegi batetik eraikia. Berto eta Sandraren bizitza kontatzen duen telesail dibertigarria eta une batzuetan baita dramatikoa ere, bi generoen arteko joko ezin orekatuagoan sostengatzen dena. Lorik gabeko gauak eta argibide-libururik gabeko “lana”. Bizitzaren errusiar mendiari fikzioaren bidez erritmoa jarriz, telesailak erakusten duen umore zorrotza eta gustu oneko drama apartak iruditzen zaizkit baina, ekoizpenaren arrakastarik handiena bizitza bera bezain erreala dela da. Hirugarren eta azken denboraldia maisuki itxi duen opari pozoitua iruditu zait, momenturik onenean agurtzen delako.  Aparta.

Non ikusi? Movistar

 'Mrs. America‘

Phyllis Schlafly Estatu Batuetako gizonen eta emakumeen arteko lan, dibortzio eta jabetza arloko eskubide berdintasuna sustatzen zuen proiektuaren aurka azaldu zen politikari ultrakontserbadorea izan zen. Feminismoaren aurkako arerio amorratua, neurri batean emakumeen eskubideak geldiarazi zituena, horrekin guztiarekin gozatzen zuen bitartean. Ekoizpen paregabe hau, hein handi batean Cate Blanchett aktoreak maisuki gorpuztu duen Schlafly-ren paperari esker,  urteko telesail onenen zerrendara igoaraztea lortu du.  Oso telesail politikoa iruditu zait, botere-borroken eta borroka dialektikoen gainean eraikia dagoelako, eta historia aldatzeko gai diren iritzi-korronte bihurtzen diren narratibak nola idazten diren erakusten duelako. Nabarmentzekoa, protagonistek jaurtitzen dituzten mezuetatik harago, moral autoritarioaren gaitzespen hori ikusleari formaren bidez iristen zaiola da.

Non ikusi? HBO

'Olive Kitteridge'

25 urteetan zehar,  matematikako irakaslea den Olive Kitteridge-en bizitza kontatzen duen drama sakona eta sentimenduz beterikoa. Elisabeth Stroute-en Pulitzer sari batean oinarritua.  Bikaina, garratza, iluna, tristea eta suntsitzailea era berean.  Depresioa, garun gaixotasuna eta batez ere tinko eta gupidagabe pasatzen den bizitza horri buruzko ikerketa sakona eta latza. Aktore guztiak bikain, baina nabarmentzeko nola ez, Frances McDormand, Bill Murray eta Richard Jenkins.

 Non ikusi? HBO

'DEVS’

Lily eta Sergei bikotea dira, San Frantzisko hiriko kanpoaldean kokatua dagoen enpresa teknologikoan egiten duten lan, Amaya izenekoa. Enpresa misteriotsu horren barruan, Devs –amaieran DeUs ahoskatzen dela deskubrituko duzu– izeneko azpi-proiektu bat garatzen ari den talde bat dago, eta Sergei bertan erreklutatzen dute, proiektu sekretu horretan lan egiteko. Egun batean bera ez da etxera itzuliko, eta Lilyk, enpresak bere desagerpenaren inguruan ematen dion bertsio ofizialaren atzean beste zerbait ilunagoa dagoela uste du. Amayako fatxadaren atzean zer ezkutatzen den eta bere proiektu klandestinoen benetako helburua zein den ikertzen hasiko da, ondorio beldurgarri eta latzekin topo egiten duen arte. Desafiatzailea, intimoa, dotorea eta bisualki hipnotikoa delako. Urteko zientzia-fikziozko piezarik dotore eta pertsonalenetako bat izateaz gain, premisaz harago, telesaila abangoardiako teknologia ingurune batean girotutako konspirazio thriller bezala planteatua dago.

Non ikusi? HBO

'Band of Brothers'

Stephen E. Ambrose-ren  Band Of Brothers eleberrian oinarrituriko ezinbesteko maisulana.  Easy konpainiaren istorioa kontatzen digu,  506. erregimentuaren batailoi Amerikarra izandakoa eta 1939-1945 bitarte, II. Mundu gerratean Europan borrokan aritu zen jauzkari taldea. Telesailak, bizirik irten zirenenen elkarrizketak, kazetarien oroitzapenak eta soldaduen gutunak ere tartekatzen ditu. Ezinbestekoa!

Non ikusi? HBO

 

‘NORMAL PEOPLE‘

2008ko finantza krisiaren ondorengo Irlandako herrixka batean girotua, Marianne (Daisy Edgar-Jones) eta Connell (Paul Mescal) dira kontakizun erromantiko-dramatiko `protagonista nagusiak. Coming-of-age generoa ardatz hartuz,sentikortasun handiz zuzenduriko 30 minutuko 12 atal. Hasieratik emozionalki sartzea lortzen baduzu, Marianne eta Connellen arteko maitasun istorio korapilatsuaren parte sentituko zara. Ederra bezain frustragarria. Sally Rooneyren eleberriaren moldaketa, The New York Times egunkariaren arabera millenial-en garaiko idazle handi bezala definitu dutena

Non ikusi? Rakuten TV BBC / Hulu)

'Liar'

Premisa oso sinple batetik tiraz, lehen minututik harrapatzen duen telesaila: 40 urte inguruko bikote bat, zita moduko bat izan ostean oheratu egiten dira; hurrengo egunean, neskak bortxatu egin duela salatzen du, mutilak aldiz ezetz, oheratu egin direla, besterik gabe.  Hortik aurrera azpi-trama ugariz osaturiko thriller psikologiko bat hasiko da,  bakoitzaren bertsioa, ikuspuntua, ezusteko testiguak, lagunak eta familia jokoan sartzen diren bitartean.

Non ikusi? HBO

 

Little Fires Everywhere'

Big Little Lies, 'The Affair edota Bloodline bezalako telesailak gustuko badituzu, hau da aukeratu behar duzun hurrengoa. Mendekotasun-sortzailea eta oso entretenigarria. Ohio inguruko auzo batean kokatzen da trama nagusia, eta istorioaren erdigunean bi emakume: Elena (Reese Witherspoon), arauak zorrotz jarraitzen dituen tokiko kazetaria eta Mia (Kerry Washington) alabarekin batera auzora iritsi berri den emakume misteriotsua. Azalduko ez ditudan hainbat gorabeherak tarteko, bi emakumeek talka egingo dute, haien seme-alabak lagun egiten diren bitartean. Begi bistara denak perfektua dirudienean, sarritan sumatzen duzu badela azpian beste zerbait. Istorio honek ere sinplea eta argia dirudi, baina pertsonaien begiradek, keinuek eta isiluneek ezkutuko sekretu eta orbainak deskubritzera  eramango zaituzte, geraezina izango den lehergailua eztandarazi arte.

 Non ikusi? Amazon

'Mindhunter'

Argumentua irakurtzen duzunean, akzio sekuentziak, tiroak, odola eta era horretako ezaugarriak izango dituen telesaila ikusiko duzula pentsa dezakezun arren, ahaztu guzti hori, benetan ahaztu. Ohiko Telesail prozedimentalen beste ikuspuntu askoz ere interesgarri eta mamitsua egitea lortu dutelako. Fincher handiak, hain berezkoak dituen xehetasun horiez josia dagoelako eta planoak azken muturreraino zainduak Mind Hunter: Inside The FBI’s Elite Serial Crime Unit’ liburuaren egokitzapena. Plazer hutsa, baina ez agian mundu guztiak gustuko duena.

Non ikusi? Netflix

 

'Big Little Lies'


The Affair edota Bloodline telesailaren ukitu nabarmenak dituen telesail honek -bi horiek baino hobea da-, beste gauza bat erakutsi digu: Begi bistara denak perfektua dirudienean, sarritan sumatzen duzu badela azpian beste zerbait. Istorio honek ere sinplea eta argia dirudi,baina pertsonaien begiradek, keinuek eta isiluneek ezkutuko sekretu eta orbainak deskubritzera  eramango zaituzte, geraezina izango den lehergailua eztandarazi arteEskola-jazarpen, etxeko-biolentzia eta desleialtasun kontu beltz batean murgilduko zarete, beti ere,  gurutzatzen diren istorio tipiko horiek eskaintzen duten errekurtso narratibo interesgarriez baliatuz. Guztia soinu banda zoragarri batez bustia.

  Non ikusi? HBO

'Manhunt Unabomber'

Telesail antologikoa, lehen denboraldi honetan Ted Kaczynsky serieko-hiltzailearen benetako kasuan oinarritua dago eta bere harrapaketa horretan zentratua batik bat. Denboran saltoak eginez, ehiza hori maisuki kontatzeko trebezia erakutsi dute. Pertsonaiak eta estetika aztertzerako orduan, Zodiac-en ukituak topatuko dituzue, eta elkarrizketa bizi eta mamitsuetan Aaron Sorkin-en abilezia.  Gustu ikaragarriz errodatua, bi protagonisten arteko interpretazio-duelu bikaina ikusteko aukera eskaini digute. 

Non ikusi? Netflix

 

'Line of Duty'

Britania Handitik datozen telesail guztien artean, thriller-poliziako hau izan liteke, azken urteetako ekoizpen onenetarikoa eta batez ere erregularrena. Denboraldi bakoitza kasu desberdin bat izango dute aztergai. Bostgarren denboraldia martxoan estreinatu berri dute.

  Non ikusi? Netflix, Movistar

'Master of None'

Azken urteotan oso modan jarri den dramedia (Drama eta Komedia uztartzean) , azpigeneroaren zalea bazara ez galdu telesail zoragarri hau. Hasteko, arlo horretan, azken urteetako telesail bitxi eta berritzaileena delako. Lehen denboraldia, oso ona, bigarrena,  zoragarria. Eguneroko keinu txikiek duten garrantziari buruzko maisulan honek, bere bizitzarekin zer egin ez dakien, Dev izeneko tipo baten istorioa kontatuko digu, New York hirian bizi den 30 urte inguruko aktorea. Hasieran pazientzia apur bat eskatzen duen arren, ohartarazi nahi dizuet, telesail honetaz erabat maiteminduko zarela.

Non ikusi? Netflix