Operación Retorno

Operación Retorno https://www.gaztezulo.eus/albisteak/operacion-retorno/@@download/image/Fertxu2.jpg
2008/10/03
erreportajea
Fertxu Izquierdo


Uda bukaera beroa izan genuen Nafarroan. Abuztua amaieran, Berriozarren, gaueko hiruretan, rock kontzertu bat egiten ari zen bitartean polizia foralaren hiru furgoneta agertu, eta bertan bildutako gazteei dispertsioaren kontrako pankarta bat kenarazi zieten. Pankarta kendu arren, poliziak gazteen aurka oldartzeko gogotsu zeuden, eta hala gertatu zen: gogor hasi ziren kolpeka. Emaitza ezaguna egingo zaizue: hamaika gazte zaurituta, hiru ospitaleratuta eta bat atxilotuta.

Berriozarko irudiak ikusterakoan, burura etorri zitzaidan duela 30 urte, Iruñeko Zezen plazan gertatutakoa. Amnistia eskatzen zuen pankarta bat kentzeko aitzakiarekin, poliziak oldartu, istiluak sortu, eta hildako bat utzi zuten: German Rodriguez. German berri bat ari ziren bilatzen Berriozarren? Pankarta kentzera gaueko hiruretan agertu ordez, goizeko hamarretan ere ager zitezkeen, ezta? Baina haiek gaueko hiruretan agertu nahi zuten, jende gehien zegoen unean.

Asteburu berean, bi gazte atxilotu zituzten Berriozartik ez oso urrun, Barañainen. Kasu horretan, Guardia Zibila izan zen beldurra zabaldu nahi izan zuena. Eta nola zabaldu ere! Lehen atxiloketa horien ondoren, beste batzuk etorri ziren, Arbizun, Basaburuan… Atxiloketak eta miaketak Nafarroa osoan. Tortura salaketak edonon. Eta gazte baten bahiketa: bai, Alberto Lopez Barañaingo gaztea asteazken batean eraman, eta bost egunez beren eskuetan izan zuten, inork ezer jakin gabe. Zer uste duzue, politikariek edozein biolentziaren aurkako deklarazioak egin dituztela? Salatu dutela bahiketa hori? Defendatu dituztela giza eskubideak, errugabetasun-presuntzioa…? Jakina ezetz!

Operazio hauekin, Polizia Foralak eta Guardia Zibilak, eskutik hartuta, “Itzulera operazioaren” derrigorrezko bidea markatu nahi izan dute. Jo egin dezakete, miatu, torturatu, kriminalizatu, bahitu… eta inoiz joan ez diren arren, berriro erakutsi nahi dute hemen daudela, inpunitate osoz, gainera.

Ez dakit zuek, baina ni itzulera operazio hauez nazka-nazka eginda nago. Joan daitezela etorri ziren lekutik, eta eraman ditzatela borrak, pistolak, ahokoak, irainak, kontrolak, gorrotoa… ekarri zuten guztia eraman dezatela, guk bakean bizi ahal izateko.