Oona Chaplin: Iraganaren itzala

Oona Chaplin: Iraganaren itzala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/oona-chaplin-iraganaren-itzala/@@download/image/oona_chaplin_02_1431502437.jpg
2015/05/13
erreportajea
TESTUA: Aitor Abaroa @abaroa37
Ez da gauza bera. Ez da gauza bera Castilla ala Chaplin izan. Ulergarria da Oonak bigarrenaren alde egitea izen artistikoa aukeratzerakoan, ezta? [*Eta amaren abizena berarekiko begiruneagatik aukeratu badu? Zergatik hartu behar zuen ba aitarena?]. Handienaren iloba, Geraldine atseginaren alaba, baita Eugene O’Neill dramaturgo apartaren biloba ere [*Chaplin ez al zen atsegina? Geraldine ez al da aktore handi eta aparta?].


James Bond-en Quantum of Solace (2008) filmean egin zuen debuta pantaila handian; minutu bateko agerpen xumean. Amarekin batera eman zuen hurrengo pausoa Imago Mortis (2009) erdipurdikoan. Eta The Devil’s Double (2011) edo ¿Para qué sirve un oso? (2011) bezalako filmekin, eleaniztasunaren balioa bistaratzeaz gain, erregistro aniztasunean ere ederki moldatzen dela erakutsi zuen.

Eta hara, nork esango zuen aitonak arte bihurtu zuen pantaila handian jarraitu ordez, gutxietsitako ‘kaxa aluan’ sartzea [*ezin zitekeen kaxa ergela, zozoa edo tentela izan, ezta?] erabakiko zuenik? Sherlock, The Hour, Black Mirror, eta batez ere, Game of Thrones telesailen erregea [*erregina? Ikusiko duzu Daenerysek tronua lortzen duenean!] izan ditu bidelagun. Eta George R. R. Martinen aizkora-lumak gupidagabe akatu ostean, Londresera joan da, bikotea aurkitzeko saiakeran dabiltzanak protagonista dituen Dates telesailera.

Ondorioz, Oona ordenagailuko pantailan ikustera ohitu gara, baina areto iluna maite duenak hilabete honetan The Longest Ride filmean ikusteko aukera izango du aretoetan. Zein diren  filmeko beste aktoreak? Ba Scott Eastwood, Jack Huston...

– Nola?
– Badakizu, Charles, Clint eta Johnen geneak...
– Beno, Agnès Vardaren semea ere aktorea da.
– Bai, Mathieu Demy, Jaques Demyren semea.
– Joder, ba... Barbra Streisandena!
– Baita, Jason Gould, Elliot Goulden semea.
– Sofia Coppolaren haurrak heldu arte itxaron beharko dugu…
– Bai, eta aitonaz gogoratuko gara.
– Edo ez.

Oona Chaplin


IZENA: Oona Castilla Chaplin.
JAIOTEGUNA: 1986-06-04.
JAIOLEKUA: Madril (Espainia).
LAGUNIK ONENA: Natalia Tena aktorea.
AKTORE KUTTUNA: Juliette Binoche.
MUSIKA TALDE MAITEENA: Rumberos de Cuba.
FILM MAITEENA: Dirty Dancing (Emile Ardolino, 1987).
KIROL GUSTUKOENA: Boxeoa.
MAITE DU: Bidaiatzea.
GORROTO DU: Sexismoa.