Online salmentak, ingurugiroaren amesgaiztoa

Gabonak oparien eta erosketen garaia da, baina zoritxarrez, baita zarrastelkeriarena ere. Egunero hainbat tona janari botatzen dira dastatu ere egin gabe, iraungitze data agortu zaielako, eta horrela, beste hainbat eta hainbat produktu. Online erosketak ez dira atzean gelditzen; inoiz galdetu diezue zuen buruari zer gertatzen da entregatu gabeko ala bueltatutako online erosketekin?
Frantzian, M6 telebista kateak hainbat kazetari infiltratu ditu Amazon-en lantokietan, eta 9 hilabetez helmugara iristea lortu ez duten paketeekin egiten dutena ikertzea lortu dute. Hala, denbora tarte horretan eta soilik Chalon-sur Saône-ko sede txikian, 293.000 produktu suntsitu zituzten. Kaxetan denetarik zegoen: mugikorrak, Lego piezak, pixoihalak, jostailuak... ireki ere egin gabe zuzenean suntsitzen zituzten. Kazetariek jakin zutenaren arabera, enpresa banatzailearentzat negozio hobea da paketeak suntsitzea hornitzaileari bueltatzea baino, hala, gizarte eta ingurugiroa kaltetzeagatik ordaindu beharko lituzkeen isunak ekiditen dituelako.
Alemaniako WirtschaftsWoche kanalak esperimentu bera egin zuen, Amazon-ekin ere, eta denetarik suntsitzen zutela ikusi zuten: garbigailuak, smartphoneak, altzariak... milaka eta milaka euroko ondasunek errauts bihurtuta amaitzen dute egunero banaketa enpresaren biltegietan.
Arazoa larria da, kontuan izanik online erosten diren produktuen %30 bueltatzen dituztela erosleek. Datu larrienak dituen sektorea arroparena da; erabiltzaileek arropa berdineko taila ezberdinak erosten dituzte, ondoren ondo ez doakiena itzultzeko. Baina arropa horiek ez dira hornitzaileetara bueltatzen; bidean suntsitzen dituzte. Soilik bueltatzen denaren %9 iristen da berriro hornitzaileengana.