Onintze Garcia (Seiren): “"Disko honetan bai, dena guk nahi genuen bezala egin dugu”"

Onintze Garcia (Seiren): “"Disko honetan bai, dena guk nahi genuen bezala egin dugu”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/onintze-garcia-seiren-quotdisko-honetan-bai-dena-guk-nahi-genuen-bezala-egin-duguquot/@@download/image/2010724736seiren_2.jpg
2010/07/02
elkarrizketa
Onintze Garcia (Seiren): “"Disko honetan bai, dena guk nahi genuen bezala egin dugu”"
Gitarra elektrikoak eta danborrak akustikoarekin eta biolinarekin nahasten ditu Seiren taldeak. Popa eta folka plater berean. Bigarren diskoa kalean dute martxotik: "Marraren beste aldean zu". Guk Onintze Garcia abeslari bizkaitarra harrapatu dugu telefonoaren beste aldean, eta orain arteko sentsazioez hitz egin digu.

Seiren zarete, baina zazpi taldekide…
Jatorrian, taldea sortu zenean, sei ginen. Gerora pasatu ginen zazpi izatera. Baina izena aldatzen ibiltzea gehiegi konplikatzea zela iruditu zitzaigun. Talde bat ezagun bihurtzea eta izena hartzea nahikoa zaila da…

Zer moduz doa aurkezpen bira?

Oso gustura ari gara. Kontzertu pila bat ditugu aurreikusita eta hori ona da. Udara beti izaten da zuzeneko askoko garaia.

Disko honek aurrekoarekin nolabaiteko haustura dakarrela diozue. Orduan, nondik zetorren eta nora doa taldea?

Haustura dakar, baina soinu aldetik bakarrik. Bestela, taldeak bere estiloari eutsi dio popa eta folka nahastuta. Egia da lehenengo diskoan dena oso arin joan zela eta gu hasi berriak ginela…

Oraingoa “pentsatuagoa eta helduagoa” da…

Hori da. Disko honetan dena guk nahi genuen bezala egin dugu: ongi pentsatu, ongi prestatu, estudio batera jo eta bertan grabatu.

Pop eta rock kutsu nabarmenago baten bila jo zenuten Kaki Arkarazorengana Garate estudioetara. Pop-rock kutsua bermea al da?

Nik uste dut bermea Kaki bera zela. Guretzat garantia zen berarekin egitea, ezagutzen ditugulako grabatu dituen diskoak eta gustatzen zaigulako berak taldeei ematen dien soinua. Bestela, pop-rockera hurbiltzearena ez da nahita bilatutako aldaketa izan, naturalki atera zaigun zerbait da, agian partaide berriek taldeari egin dioten ekarpena izango da.

Konbinazio ezohikoak lortu dituzue.

Bai, batik bat Jokinek folk eragin handia du eta halako instrumentuek, biolinak adibidez, asko aberasten dute gure musika; eta ukitu berezia ematen diote.

Nola enkajatzen du tankera honetako folk kutsuko produktu batek euskal musika gaztearen panoraman?

Desberdin izateak baditu bere abantailak gure esparruan bakarretakoak garelako. Baina, bestalde, egia da jendeak ez duela horrelako gauzak entzuteko ohitura handirik… Horretan gabiltza! Eta momentuz ez daukagu kexatzeko arrazoirik.

Itxura ona hartzen diozue, orduan.

Nik uste dut baietz, baina badakizu gauza hauek oso astiro doazela. Gero eta jende gehiagok ezagutzen du taldea, badirudi gustatzen zaiela… pixkanaka-pixkanaka.

Letrak. Nondik ateratzen dira?

Ba, gehienak Jokinek idazten ditu eta beti ohiko gauzei buruz. Edozein pertsonari gertatzen ahal zaizkion gauzak edo edozeinek sentitu ahal dituen gauzak kontatzen ditugu. Ez da lan autobiografikoa, baina bai oso errealista.

Udari begira, atzerrira saltoa?

Bai, Frantzia aldera joango gara eta pozik gaude ideia horrekin. Ez dakigu zer aurkituko dugun bertan, gureak arrakasta edukiko duen ala ez… beste erronka bat!