Ongi etorri Slowjamastan mikro-naziora

Ongi etorri Slowjamastan mikro-naziora Mikro-nazio hau DJ batek sortu du Estatu Batuetako desertuan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ongi-etorri-slowjamastan-mikro-naziora/@@download/image/1366_2000.jpeg
2023/07/28
Mikro-nazio hau DJ batek sortu du Estatu Batuetako desertuan.
Ongi etorri Slowjamastan mikro-naziora

Eguzki kiskalgarri baten azpian, bandera ezezagun bat agertzen da, mapatxe bat buru duena. Desertuaren erdian herritxo bat aurkitu liteke. Kalifornia estatuko 78. bidetik hurbil gaude: Ongi etorri Slowjamastanera. 

Mikro-nazio bat da Ameriketako Estatu Batuak herrialdearen barruan. DJ xelebre batek 44.000 metro karratutako lurra erosi zuen eta lur hori nazioa dela aldarrikatu du. Komunitate oso bat sortu du desertuaren erdian, pasaporte propioa du, diru “ofiziala”, legeak eta baita polizia ere. 

Randy Williams 46 urteko irrati esataria zen eta munduko herrialde guztiak bisitatzea zen bere helburua. Behin helburu hori lortuta, bisitatzeko herrialde berririk gabe geratu ostean, bere herrialde propioa sortzea erabaki zuen. Nazioari bere  irrati programaren izena jarri dio. 

19.000 euro ordaindu zituen lur horiengatik eta bertako "sultana" da. Orain, leku horretara mundu osotik milaka pertsona hurbiltzen ari dira, euren errutina aspergarrietatik ihes egin nahian. 

2021eko abenduaren batean aldarrikatu zuen, ofizialki, AEBetatik independentzia, zuzenean Dublandiatik, Slowjamastako hiriburutik. 

Ez dela ofiziala esan beharrik ez dago ordea. Mikro-nazio hau legalki ez da nazio burujabea eta ez du beste inongo herrialdek onartzen. 

Oraingoz, Slowjamastaneko errepublikak harro dio 500 hiritar erregistratuak ditueta eta 4.500 pertsona ilaran daudela, herrialdeko hiritartasuna eskuratzeko gogoz. 

Berau eskuratzeko, webguneak dionez, nahikoa da formulario bat betetzea zure datu pertsonalekin. Doan bada ere, batzuk ordaindu ere egin dute “enbaxadore” edo “parlamentuko kide” bihurtzearen truke. 

Baina, zergatik nahi luke norbaiten honen zati izan? Williams-en ustez “herrialde berri hau pertsonentzat arnasgune bat da, egunerokotasunetik ihesbide bat. Egun, horrenbeste borroka, horrenbeste bereizketa, dagoen honetan”. Beste batzuk, ordea, asmatutako “herrialde” honen parte bilakatzen dira txantxa moduan. Guztia memeen mesedetan. 

Izan ere, asmatutako herrialdea izateaz gain, baditu beste hainbat berezitasun. Estatu honek bere pasaporte eta txanpon propioa ditu. Ereserki propioa ere badu. Legeak ere bereziak dira, adibidez croc motako oinetakoak debekatuta daude edota slow-jam-ak zure musika gogoena izatea. 

Komunitatea aktiboa da. Slowjamastaneko “hiritarrak” desertuan elkartzen dira urtean zehar ekitaldiak ospatzeko. Horien artean daude “bisita diplomatikoak”, zigilu eta pasaporteak eskuratzea eta sultanarekin selfieak egitea. 

Williams-en hitzetan, salbuespenezko diktadura bat dira: “Erreferendumak burutzen ditugu. Berriki hiritarrei bozkatzen utzi nien gure fruta nazionala zein izango den erabakitzeko”.