Ondo ezagutu behar dituzun telelaneko eskubideak

Ondo ezagutu behar dituzun telelaneko eskubideak Zure erakunde bereko langile presentzial baten soldata, ordutegi eta maila-igoerarako aukera berak izateko eskubidea duzu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ondo-ezagutu-behar-dituzun-telelaneko-eskubideak/@@download/image/woman-sitting-and-using-laptop-on-glass-table-at-home.jpg
2022/12/16

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Zure erakunde bereko langile presentzial baten soldata, ordutegi eta maila-igoerarako aukera berak izateko eskubidea duzu.
Ondo ezagutu behar dituzun telelaneko eskubideak

Telelana nahiko berria da, gehienez urte gutxi batzuk ditu. Horregatik, litekeena da lan egiteko modu honen inguruan zalantzak izaten jarraitzea edo telelangile bezala zure eskubide batzuk ez ezagutzea. Normala da. Inork ez dizu eskulibururik bidali etxera. Hasteko jakin behar duzuna da telelana bi aldeen akordio baten bitartez soilik finkatu litekeela. Enpresak ezin dio telelana inposatu langileari eta langileak ere ezin du telelana egin lantegiaren oniritzirik gabe. Lan presentzialerako eskubidea duzu, hala nahi baduzu bederen. 

Demagun, ordea, ez duzula nahi, gustura zaudela telelanarekin. Bada, jakin eskubide batzuk dituzula. Erakundeak lan jarduera honengatik sortzen zaizkizun gastuak ordaindu beharko ditu, adibidez, ordu horietako Internet konexioa. Ekipamendu informatikoa eta software tresna guztiak ere ahalbidetu behar dizkizu. Inondik inora ez da langilearen ardura ordenagailua edo inprimagailua erostea. Erakundea da zuzeneko eta zeharkako gastu hauen ordaintzailea, eta kito. Ez dago eztabaidarik. 

Deskonexio digitalerako eskubidea
Zure telelaneko lanaldia goizeko bederatzietan hasi eta arratsaldeko bostetan amaitzen bada, adibidez, inork ez lizkizuke arratsaldeko zazpietan Whatsapp-ak edo e-mailak bidali behar edo deirik egin. Berdin du etxetik lan egiten duzulako erosoago bazaude, lan presentziala egiten duenak bezala, deskonektatzeko eskubidea duzu, eta ordu batzuez, laneko arazoez ahaztekoa. Horrela izan ezean, estresa eta antsietatea pairatzeko aukerak gehitu egiten dira eta horrek zure ongizatean eragina izango du. Utz zaitzatela bizitzen. 

Azkenik, beste langileen parekoa zara, eta berdintasunez tratatu behar zaituzte. Lan aukera berak izateko eskubidea ere baduzu. Zure etxetik lana egiteagatik, zure erosotasunekin, zure auto-kudeatutako pausekin eta zure hozkailuarekin eskura, ez du esan nahi lan gutxiago egiten duzunik edo ez zarenik horren baliagarria. Errendimendua ona bada, beste ezerk ez du axola. Zure erakundeak ezin dizu tratu ezberdina eman lantokian egoten ez zarelako. Honegatik, ordu kopurua, soldata eta maila-igoera bat lortzeko aukerak ez dira aldatzen. Ez zaitzatela baztertu etxetik lan egiten duzulako.