Ondarroako, Ibarrako eta Baionako horma-irudiak munduko onena izateko bozketan

Street Art Cities webguneak mundu osoko horma-irudi onenak bildu ditu, artezaleen komunitateak aukeratuta, eta bozketa abiatu du horien arteko rankinga osatzeko. Horien artean Euskal Herrian egindako horma-irudiak daude. Sari nagusia jasotzeko hautagaien artean daude Ondarroan, Baionan eta Ibarran egindako obrak. Impact Award sarirako izendatua dago Ondarroako beste mural bat ere.
Nexgraff artistak bi lan ditu munduko onenen artean. Bata, Baionako Zizpa gaztetxean egindakoa, Points de Vue jaialdian. Hainbat elementu ageri dira bertan: Uztaritzeko inauterietako Kotilungorria pertsonaia, bera aurpegia zapiaz estalirik, ardia, oilarra... Dena den, "interpretazioei irekita" dagoela azaldu du Nexgraffek.
Bestea, Ibarran dago, eta nekazaritza eta kultura-tradizioak islatzen ditu, bertako jendearen nortasuna. Murala pintura plastikoa erabiliz sortu zuen hamabost egunean, eta 33 metroko altuera eta 7 metroko zabalera ditu.
Djoels artista flandestarrak Ondarroako fatxada batean sortu du bere obra, Kaminazpi egoitza artistikoen programa tarteko. Gabriel Arrizabalaga arrantzale ohiaren erretratua da.
Impact Award sarirako hautagai den obra, berriz, Sabotaje al Montaje izen artistikoa duen Maias Matan kanariar artistak egin du Ondarroako fatxada batean. "Hiriko artxibo historikoko argazkiekin lan egin dut arrantzale herri honetako matriarkatua eta emakumeen lana irudikatzeko, Euskal Herriko koloreekin", azaldu du artistak.