Onartu dute '.eus' domeinua

Onartu dute '.eus' domeinua https://www.gaztezulo.eus/albisteak/onartu-dute-eus-domeinua/@@download/image/eus_domeinua_1371458470.jpg
2013/06/17
berria
Azken urtea ebaluazio fasean igaro ostean, ICANN nazioarteko erakundeak '.eus' domeinua onartu berri duela iragarri zuen PuntuEus elkarteak iragan larunbatean. Pozarren agertu dira, sei urte luze igaro baitira ibilbidea hasi zutenetik, eta domeinua laster martxan jarriko dutela azaldu dute.


Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatearen nazioarteko aitortza iritsi dela azaldu zuten PuntuEus elkarteko kideek joan zen larunbatean eginiko agerraldian. .'eus' domeinua komunitatearen garapen lokalerako tresna globala dela zehaztu zuten, euskara eta euskal kultura Interneten ikusgarri bilakatzea baita beronen oinarrizko helburua.

Proiektua orain sei urte jarri zuten abian, eta duela lau urte azaldu zituen elkarteak bere asmoak. Orduko hartan eman zizkieten epeak beteko ez zirela jakin bazekiten arren, isilik mantendu dira prozesuak hala eskatzen duelako, eta azkenik, joan zen urtean, ICANNen aurrean aurkeztu ahal izan zuten .Eus domeinuaren eskaria. Orotara 1930 eskari inguru jaso ditu nazioarteko erakundeak, horietatik 84 komunitateetan oinarrituak, '.eus' barne.

Halaber, 2012an PuntuEus elkartetik abiatuta, PuntuEus Fundazioa sortu zuten, etorkizunean domeinua administratu, kudeatu eta kontrolatuko duena. Horretarako, ICANNekin sinatuko du kontratua datozen hilabeteetan. Ondoren, proba teknikoak egingo dituzte, eta azkenik, 2014ko apirila inguruan webguneak .Eus domeinuarekin erregistratzeko aukera izango da.

Eskerrak
PuntuEus Elkarteak eta Fundazioak milaka euskaldunek egindako lana eskertu nahi izan dute, egunerokoan Internet euskaraz erabiltzeagatik. Baita Sareko tresna eta aplikazioak euskaraz sortu dituzten horiek ere; eta nola ez, .Eus domeinua lortzeko proiektua babestu duten guztiak. Dena den, argi utzi dute prozesua hasi besterik ez dela egin, aurrerantzean domeinua erabili, indartu eta ikusarazi egin beharko baita.

Ospakizun ekitaldia


Onarpena ospatzeko ekitaldia egingo dute datorren ostiralean, ekainak 21, Bilboko Abandoibarran dagoen EHUko Paraninfoan. 13:00etan hasiko da, eta guztiok zaudete gonbidatuta.