Omega Massif

Bi urteko konposaketa lanen emaitza bikaina da Karpatiaren iraupen luzeko bigarren disko hau. Post-metal intrumentalaren baitan malgutasunez mugitzeak zaila dirudien arren, bavariarrak etxean bezala dabiltza generoan barrena sudur puntan jartzen zaiena egiten. Gorabeheraz beterik, gitarra rif astunek markatzen dute erritmoa, monotonian erori gabe eta momentu epikoak ekarriz. Atmosfera agonikoz eta zati frenetikoz beteriko dinamismo honek Pelican-en City of echoes ekar dezake burura, nahiz eta Omega Massifek baduen berezko nortasuna. Erdi mailako taldez beteriko generoan lan bikaina egin eta buru jarri dira, Europako post-metalaren eta post-harcorearen osasun bikaina agerian utziz.