Olrait studio: "Sorkuntzak bizitza salbatu dit".

Olrait studio: "Sorkuntzak bizitza salbatu dit". Instagram duzuen askok, eta gainera musikazaleak bazarete, ziur ikusi duzuela Olrait studioren "Eskukadak" proiektuko ilustrazioren bat. Euskal musikako talde eta bakarlarien abestien letra zatiak, eskuak elementu komun bezala hartuz, ilustratu dituzte modu eder eta iradokitzailean. Proiektu txiki bat bezala hasi zen, baina konturatzerako 100 ilustrazio egitera iritsi dira eskuak baliatuz. Honen inguruan galdetu nahi izan diogu Olrait estudioko buru den Beñat Rodriguez diseinatzaile grafikoari. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/olrait-studio-sorkuntzak-bizitza-salbatu-dit/@@download/image/1DE830B9-9028-4271-87DA-EE7E3A9B9D6B-8DBD937D-26D5-44E3-8A9D-0861ADEB7AFE.jpeg
2020/06/10

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Instagram duzuen askok, eta gainera musikazaleak bazarete, ziur ikusi duzuela Olrait studioren "Eskukadak" proiektuko ilustrazioren bat. Euskal musikako talde eta bakarlarien abestien letra zatiak, eskuak elementu komun bezala hartuz, ilustratu dituzte modu eder eta iradokitzailean. Proiektu txiki bat bezala hasi zen, baina konturatzerako 100 ilustrazio egitera iritsi dira eskuak baliatuz. Honen inguruan galdetu nahi izan diogu Olrait estudioko buru den Beñat Rodriguez diseinatzaile grafikoari.
Olrait studio: "Sorkuntzak bizitza salbatu dit".

Zergatik erabaki zenuen diseinu grafikoaren munduan lan egitea? Zerk motibatzen zaitu?
Lehenik eta behin azpimarratu nahiko nuke, zoritxarrez, egungo prekarietatea dela eta hau ez dela nire ogibide nagusia. Gure gizartean hain errotuta dagoen enplegu-aniztasunaren beste biktima bat naiz. Honen harira, iruditzen zait garrantzitsua dela ilustratzaile, diseinatzaile zein marrazkilarien lana balioan jartzea. Izan ere, tristea da gaur egun alor hau nola gutxiesten den ikustea. 

Hau argituta, nire kasuan diseinu grafikoaren munduan posterren bidez barneratu nintzen, oso modu amateur batean festetako kartelak egiten hasi nintzenean. Hortik tiraka, eta diseinuarekin zerikusirik ez duen ikasketa bat egin ostean, goi mailako modulu bat ikasi nuen nire ezagutzak apur bat zorrozteko. Izan ere, esango nuke irudia oso garrantzitsua dela, batez ere gaur egun, dena begietatik sartzen den honetan. Oso tresna boteretsua iruditzen zait kontzeptuak eta ideiak helarazteko. Mezu bat transmititze hori da nire motibazioetako bat. 

Nola otu zitzaizun Eskukaden ideia?
Eskuak pertsonon oso atal adierazgarriak iruditzen zaizkit. Diseinu grafikoa ikasi nuenean irakasle batek beti ematen zidan matraka irudi serieak egiteko esanez, nire lanek konkordantzia bat izan zezaten edo. Hori kontuan hartuta, eta musikaren maitale amorratua naizela gehitzen badiogu, bi diziplinak uztartzea erabaki nuen eta tatuaje estiloan oinarritzen diren Eskukadak jaio ziren. 

Iruditzen zait oso harrera ona izan duela egitasmoak, zergatik uste duzu eduki duela arrakasta? 
Bai, harrerarekin oso gustura gaude. Musikari lotuta gauden herria gara, nahiz eta batzuetan beharrezkoa duen babesa ez eman. Kantuen letrak iltzatuta gelditu ohi dira, bizipenetan, pentsamenduetan edo sentimenduetan. Nolabait ukitu egiten gaituzte eta hori irudikatzen saiatu gara. Hitzen sortzaile batzuk ere aipatu digute gustukoa dutela egin dugun lana, eta pertsonalki oso aberasgarria izan da niretzat profesional bezala hazteko. 

100 egingo zenituztenik pentsatu al zenuen?
Egia esan kasualitatez sortu zen Eskukaden ideia. Hamarnakako serieak sortu ziren. Behin lehen hamar ilustrazioak amaituta ez genuen uste gai izango ginenik ehunera iristeko. Eskerrak euskal kultura musikala oparoa den eta gero eta talde gutxiagok duten erdaraz abesteko joera! -barreak-

Zertan oinarritzen zara Eskukada bat sortzerako garaian?
Lehenik eta behin euskaraz izatea. Eskukaden helburuetako bat euskal letragintza aldarrikatzea da. Talde bat aukeratzean, beraien abestiak entzuten ditugu eta esanguratsuena egiten zaigun abestia aukeratu eta probak egiten hasten gara. 

Proiektu hau bukatutzat ematen al duzue ala Eskukadek oraindik emango dute zer esana?
Ehun Eskukada hauekin liburu bat argitaratzea gustatuko litzaiguke. Euskal kulturaren beste alor batzuei omenalditxo bat egitea ere otu zaigu, literaturari esaterako. Aurrerago gaztelaniaz edo ingelesez diren abestietan oinarritutako hamar eskukada sortzea ere bai. Guretzat garrantzitsuak diren letrekin hain zuzen. Hala ere, ez dago ezer zehaztua, eskuei arnas pixka bat ematea da oraingoz zehaztua dagoen bakarra. 

Etorkizunera begira beste serieren bat egiteko asmorik ba al duzue? Beste estiloren bat jorratzekoa?
Momentuz ez dago ezer pentsatua, baina serieen kontua gustatu zait niri pertsonalki. Hala ere, zaila da hainbeste ilustraziotan estilo jakin bat mantentzea. 

Musikarekiko pasioa duzula argi geratu da, gainera zuk zenbait talderen azalak ere diseinatu dituzu; zein talderekin lan egitea gustatuko litzaizuke? 
Edozein talderekin lan egitea plazera da. Taldearen zein diseinatzailearen ideiak bat egiten dutenean oso asebetegarria da.  Talde txikiekin lana egitea gustatzen zait batez ere, are gehiago gustukoak baditut. 

Euskaldunok egun irudiak duen garrantziaz ohartzen al gara?
Euskaldunok irudiekin transmititzeko gaitasun handia dugu, baina ez diogu arreta handirik jartzen, ez dugu behar beste zaintzen, baina tira, kulturgintzako beste edozein alor bezala. Hala ere, oso ilustratzaile onak ditugu, baina aitorpen gutxi dute. Euskal ilustratzaile askok gai potolo eta beharrezkoak jorratzen dituzte, batzuk aipatzearren: Mari Matraka, Josevinsky, Alaia Art edota Smoke Signals, beste askoren artean.

 
Musikarekin zerikusia duten diseinuez gain, zein diseinu arlotan lan egitea gustatuko litzaizuke?
Kontrasteen oso zalean naiz, gustatuko litzaidake nirekin bat ez datozen gauzen diseinuak egitea: erakunderen baten iruditegia, garagardo markaren bat eta oro har, packaging kontuak. Erakargarria egiten zait arlo hori. 

Sorkuntza da bide bakarra da da estudioaren leloa, berrogeialdi honetan asko hortaz konturatu dira, zer eskaintzen dizu zuri sorkuntzak?
Esajeratua dirudi, baina sorkuntzak bizitza salbatu dit. Ignatius Farray handiak (estudioaren izena haren omenez jarria da) bere bakarrizketa batean esaten du: la comedia me salvó la vida (komediak bizitza salbatu dit), nik filosofia berdinarekin ulertzen dut sorkuntza. 

Tristea da pandemia batek erakutsi beharra sorkuntzaren garrantzia. Bitxia da konfinamendu honetan, aurretik gutxietsiak zeuden arloek salbatu gaituztela ikustea: plastikak, musikak... Hala ere, hau guztia igarota, ez dakit zerbait ikasiko ote dugun ala lehenera bueltatuko ote garen. Sorkuntza munduan prekarietatea inoiz baino handiagoa da, ezagutzera emateko zailtasunak handiak dira; baina egoera tamalgarri honetan inoiz baino gehiago erabili dudan eta erabili beharko dudan mantra garunean tatuatuagoa geratu zait: Sorkuntza da bide bakarra!

Olrait estudioaren lana jarraitzeko: https://www.instagram.com/studioolrait/